martes, 13 de noviembre de 2012

DURANGO EZAGUTUZ

Sarrera honetan Durango herria eta bere inguruko bazterrak ezagutzera emango ditugu. Ez da eguneko irteera bat izango, baizik eta Durangalde osoan agintzen duen herriari buruzko gauza berriak ikasteko balio digu honek.

Durangok Ibaizabal errekaren ezker ertzean zabalgune bat osatzen du. Hegoaldean, geruza ia bertikalak dituen antiklinal estu eta puskatu txiki batek mendikatea osatzen du: ekialdetik mendebalderantz Udala, Anboto eta Alluitz mendiak aurkitzen ditugularik.

1940. urtetik hona Durangok etengabeko hazkuntza demografikoa ezagutu izan du, batez ere inguruan ezarri ziren industria ugarien eraginez. 80. hamarkadan, joera honek nolabaiteko geldialdia izan zuen krisi ekonomikoaren ondorioz. Mende erditik hona emandako biztanleria gorakadaren arrazoirik nagusiena Durangaldeko nekazal munduko eta itsas herrietako inmigrazioan aurkitu behar da eta, batez ere, baste lurraldeetako biztanleriaren etorreran. Gaur egun 30.000 biztanle inguru bizi dira bertan, inguruko herririk poblatuena izanik.

Durango neurri ertaineko zerbitzu hiria dugu. Autonomia Erkidegoko geografian estrategikoki kokatu­ta dago, eta langileriaren zati handi bat betetzen duen industria garrantzitsu bat du, batez ere, fundizio eta tresneriaren arloan. Durangok, Ibaizabal errekaren goi eta erdi harana betetzen duen eskualde burua iza­nik, zerbitzu arloa oso garatua du, batez ere, merkataritza, zerbitzu publiko, garraio, banku eta aseguruei dagokienean.

-Herriaren historia:

Durango Uria noiz sortu zen zehatz-mehatz jakiterik ez dagoen arren, historialari gehientsuenak bat datoz Santxo VI. "Jakintsuaren" (1150-1194) eta Santxo VII. "Indartsuaren" (1194-1234) erregealdien bitartean kokatzerakoan. 1195. urtean Gaztelako Alfontso VIII.ak Durangaldeko Konderri osoa bereganatzean, Uria Gaztelako Koroaren menpera pasatu zen.

Hasiera baten 3 kale paralelok ematen zioten itxura Uriari (Barrenkalea edo "Yuso", Artekalea eta Goienkalea edo "Suso"). Beranduago Kalebarria gehitu zitzaion. Kale guztiak zeharkale batek gurutzatzen zituen eta XVI. mendean oraindik bukatu gabe zegoen hegotik iparralderaino luzatzen zen harresi batez inguratuta zeuden.

XV. mende osoan zehar Uriak Zaldibar, Ibarguen eta Unzueta ahaide nagusien arteko borroken ondorioak jasan zituen. Garai horretan eraiki ziren jauntxoen dorretxeak:
Arandoño, Asteiza, Etxebarria, Lariz Monago eta Otalora. Gaur egun ia ez da dorretxe hauen aztarnarik gordetzen. Gaztelako Enrike III.-k (1339) eta Enrike IV.-k (1457) bisitaldiak egin zituzten. Udal artxibategian ageri denez Isabel erregina Katolikoak (1483) gaua eman zuen Larizko dorretxean Uriko eta merinaldeko foruak zin egitera etorri zenean.

Mende honetako gertakizunik aipagarriena Durangoko Heresia izenaz ezagutzen dena da (1442-1444). N

XVI. mendeko gertakizunik aipagarrienak Urian gertatu ziren zoritxarrekin lotuta daude. Horrela, 1517. urtean, Durango izurrite gogor batek eraso zuen eta herritar asko hil egin ziren. 1544an Uriko bazterrak urez gainezka egin zuten uholde izugarri baten ondorioz. 1554ko martxoaren 11n Uriak sute handi bat jasan zuen. Sutea Artekalean hasi zen, eta gutxira, zurezko etxe guztiak kiskali egin ziren. 1597an beste izurrite bat eman zen. Mende honetakoa dugu Udaletxearen eraikuntza, Bernabe Solano maisu harginak egina zati handi baten.

XVII. mendean zehar Durango Uriak Gaztelako Koroak Frantziaren aurka izan zituen gudu ugarietako ondorioak jasan zituen: bai dirutan bai jendetan. Sarri askotan, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuei laguntzera joan behar izaten zuten. Gudu hauen ondorioz burdingintzaren garapena eman zen, lantzak, ezpatak, daga, pikak eta antzerako armak eginez..

XVIII. mendea beherakada ekonomikoaren mendea dugu, eta honen adierazgarri Udalak ezartzen zituen zergak.

1813.an Kadizko Konstituzioa onartu zen Durangon. Urte batzuk geroago, Fernando VII.-k herritarren goresmena jaso zuen 1828ko ekainean Durangora egin zuen bisitaldian. Durangon oihartzun handia izan zuten Gerla Karlistek. Lehenengo Gerra Karlistan, Durango Uria Don Karlos erregegaiaren gortea bilakatu zen. Don Karlosek Pinondoko Juan Santos Orueren etxean hartu zuen ostatu. Gudaldietako giza eta diru galera izugarriei kolera izurritea gehitu behar zaie. Esan beharrik ez dago Durango ia lur jota gelditu zela. Lehenengo karlistada, Durangon, 1839. urteko abuztuaren 2an amaitu zen Espartero jenerala herrian sartu eta gero. 2. gerra karlistan (1872-1876) Durango, berriro ere, Karlos VII. erregegaiaren gortea bilakatu zen eta Francisco Zengotitaren agindupean 800 gizonez osotutako batailoi bat sortu zen. Lehenengo karlistadan bezala, lehen garaipenak Karlisten aldekoak ziren, baina gerrak aurrera egin ahala, liberalak garaile atera ziren. Azkenean, 1875eko otsailaren 4an, liberalen tropak herrian sartu ziren inolako eragozpenik gabe.

1882. urtean Bilbotik Durangorako trenbidea zabaldu zen, ahalegin handia suposatu zuena baina herriko ekonomiari bultzada handia eman ziona. 1886an Euskal Jaiak antolatu ziren Durangon, garrantzi handiko kultur ekitaldiak alegia. Aipagarriak dira bertsolarien eta txistularien lehiaketak eta, batez ere, literatura lehiaketak.

XX. mendearen hasieran, industria garatu zen Durangon. Aipagarrienak, Mendizabal, Ferretera Vizcaina eta Olma izanik.

1927.urtean Iurretako elizatearen anexioa eman zen. Honela, Durangok 2.000 biztanle gehiago izan zituen. Banatzea 1990.eko urtarrilaren 1ean gertatu zen.

Primo de Riveraren diktadurapean, diktadorea bera etorri zen Durangoko azoka zabaltzera. 1937.ko martxoaren 31an, Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), Durangok biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketa sistematikoa jasan zuen. Handik gutxira Nafarroako 1go Brigadako tropak Urian sartu ziren. 50. hamarkada arte gose eta eskasia urteak dira. Hamarkada honetan industriak, berriro ere, garapen handia ezagutu zuen eta honen ondorioz Estatuko beste lurralde batzuetatik, Extremadura eta Andaluziatik batez ere, etorkin multzo handia heldu zen herrira.

-Zer bisitatu herrian?









1- Santa Ana eliza: Santa Anako eliza estilo barrokokoa da, nahiz eta apaingarri gutxi duen. Herriko merkatua eliza aurreko plazan egin zen urteetan. Iturrizak XV. mendean kokatzen du Santa Anako fundazioa. XVI. mendean berreraikitze-lanak hasi ziren, baina eliza, Labayruren arabera, 1554an suntsituta gelditu zen. Ondoren, XVI. eta XVII. mendeetan zehar, berritze lanak burutu ziren, baina mende bat iragan behar izan zen aurreko eraikina ordezkatuko zuen hurrengoa eraiki zen arte, gaur egun ikusten duguna alegia. Proiektu berriarekin hasi zirenean bota zuten behera eraikin zaharra. 1723 urte inguruan, eraispen lizentziaren data, eliza berriak bere zimenduak ondo ezarrita zituen. Zabalkundea Lazaro de Incerak burutu zuen. Barriok aipatu bezala, gaur egungo tenplua Juan Ignacio de Urkizak diseinaturiko proiektuaren ondorio da. Santa Ana eliza Durangoko espazio zabal monumentalenean kokatzen da, Santa Ana plazan, hain zuzen ere. Ipar-hegoalde norabidean kokatzen da. Aurrealdean plaza bat dauka, inoiz, hilerri eta arma-plaza funtzioak bete izan dituena eta zezenak eta alardeak egiteko ere erabili izan dena. Fausto Antonio de Veitiak dioen bezala: “Harresien barruan bi plaza daude, Santa Anakoa eta Andra Mariakoa, eta bietan, larunbatero, gorde beharreko jaia ez bada, merkatua egiten da.nEzinezkoa da tenpluak eta honen ingurune arkitektonikoak (plaza) osatzen duten sintesia banatzea. Plaza 2009an zaharberritu zen. Zaharberritze-lanekin batera interbentzio arkeologikoa egin zen, eta aurreko elizaren aztarnak agertu ziren: lurperatzeak, egungo elizaren kanpaia egiteko moldea, kanpaia egiteko erabili zen brontzea urtzeko labea eta eliza zaharraren azpitik doan errota-bidea. Santa Ana eliza berria eliz arkitektura barrokoaren soiltasunaren adibide bikaina da: lerro arkitektonikoak gailendu egiten zaizkie apaingarriei. Oinplano herrerianoa du, hiru nabez osatua dago, eta iparraldean eta mendebaldean pilastradun arkupea du. Elizaren oinetan eta erdialdean, Santa Anako dorrea kokatzen da. Dorrearen goiko partean kanpai-dorrea dago, nabarmen murriztua eta linterna batez errematatua. Lau angeluko aurrealdea du eta alboak oktogonal samarrak dira. Gela osagarriak ditu presbiterioaren albo bietan.

                                      


2- Uribarriko Andra Maria basilika: Uribarriko Andra Mari Basilika XV. mendearen amaieran aipatzen
da Isabel Erregina Katolikoa Durangora egindako bisitaren kronikan. Arkupe ederra du itsatsia, Euskal Herriko handiena. Herritarrentzako aterpea izateaz gain, kultura ekitaldi asko bertan egiten dira.
Monumentu Nazionala da. Andra Maria eliza Euskal Herriko obrarik monumentaletarikoa da.
Elizaren atalik zaharrena, gerora eraberritze eta handitze zenbait ezagutu izan dituena, gotiko-errenazentista estilokoa da, XV-XVI. mendeetakoa alegia. 1554ko sutetik bizirik atera zen eraikinetako bat izan zen, nahiz eta kalte handiak izan zituen. Honengatik XVII. mendearen lehen laurdenean berreraiki egin behar izan zuten. Bigarren eraikitze honetan estilo klasizista-barrokoa nabarmendu zen, eta horixe da gaur egungo Andra Mariako elizak erakusten digun itxura. XVII. mendeko eraberritze honetan oso arkitekto ezagunek hartu zuten parte, esaterako San Juan de Urizarzabalak edo Juan de Ansolak. Ataripea 1679-1680 artean eraiki zen Barainkua eta Gabiria maisuen diseinuetan oinarrituta. Gerra Zibilaren ostean, eta bonbardaketek elizaren goialdean, elizpean, altzarietan, organoan eta erretaula nagusian eragindako kalteen ondorioz, eliza eraberritu egin behar izan zen berriro ere.



3- Tabirako San Pedro eliza: XVI. mendearen hasieran eraiki zen XII. mendeko eliza zegoen lekuan,
antza. Tradizioak dioenez, Bizkaiko eliza zaharrenetakoa omen da. San Pedroren jatorria eta fundazioa kondairekin nahasten dira. Hala ere, San Pedro elizako ikerketak kondaira alde batera utzi behar du
eta, aldi berean, aitortu beharko du iturri arkeologiko barik ezinezkoa dela noizkoa den jakitea.. Alberto Santana Ezquerrak, “Bizkaiko Monumentuak” taldeko obran, San Pedroren gaur egungo eraikina XV. mendearen bigarren erdialdean kokatzen du, gotikotik errenazimendura iragaitean, hain zuzen ere. Garai hau izan zen Bizkaiko arkitekturaren momentu gorenetarikoa. Tenplua lehendik zegoen beste baten gainean eraiki omen zen, berrerabilitako zenbait elementuk eta tradizioak berak erakusten duten bezala. Aztarnarik zaharrenak XII. mendekoak izan daitezke, alboetako horma
baxuenak  alegia. Tabira bi elementu ezberdinez osatuta dago: San Pedro eliza eta Errosarioaren kapera. Azken hau iparraldetik eransten zaio elizari. XVIII. mendetik aurrera daude bata besteari atxikita; baina interes handiena elizan dago, antzinakoa delako, legendazko ukitua duelako
eta bere balio artistiko handia eta altzari aberatsak dituelako.




4- Magdalenako baseliza: Ermita hau XIX .mendearen hasieran eraiki zen Madalenaren eliza zaharra eta San Lazaro ospitalea zeuden lekuan. Herrian zegoen Frantses armadak dekretuz agindu zuen Andra Mari eta Santa Anako elizpeetan zeuden kanposantuak hirigunetik ateratzea. Ermodoko errebalean dago. Zonalde honetako eraikinik aipagarriena Magdalenako eliza zaharra zen, eta 1664tik aurrera Durangoko kopatroia izandako Magdalenako Andra Mariri sagaratuta zegoen. Nabe bakarreko eliza polita zen. Magdalenako eliza bidearen beste aldean zegoen San Lazaro ospitalea babesten zuen. Urte bereko Errege aginduari jarraituz, 1809an, eliza behera bota zen orubean kanposantua eraikitzeko. Kanposantua 1811n bedeinkatu zen eta gero lekuz aldatu zen, eta leku horretan eraiki zen gaur egun ikusten dugun baseliza. Arkupe azpimarragarria du: Zornotza eta Balmasedako kanposantuetan dauden hilobi-kaperen antza handia du. Nabe bakarrekoa da eta laukizuzen formakoa. Burualde zirkularra du eta bi isurialdeko teilatuak estaltzen du. Bao bakarreko zurezko kanpai-horma du. Arkupea oinetan kokatzen da, bi zutabeen eta harlanduzko bi pilareen gainean.





5- Udaletxea: Udaletxea XVI. mendean altxatu zen. 1945ean berreraiki eta handitu egin zen, eta fatxadako jatorrizko pinturak berreskuratu: "Comédie Française" dakarte gogora. Ez dakigu Uria suntsitu zuen sutea baino arinago, 1554 urtea baino lehenago alegia, Udaletxe funtzioa betetzen zuen eraikinik ba ote zegoen Durangon; edo, ostera, udaletxe ibiltaria ote zegoen eta eginkizun hori alkatearen etxebizitzak betetzen zuen. Udal Artxibategian gordetzen den dokumentazioa kontutan hartuta, Bizkaiko Udaletxerik zaharrenetakoa da Durangokoa (1570), nahiz eta berezko itxura aldatu dituzten zenbait moldaketa eta aldaketa jasan dituen. 1554ko sutearen ostean Uria berreraiki egin zen eta orduan erabaki zen Udaletxea erdigunean kokatzea. Eta irizpide hau hartu zen:
“harresi barruko eremuarekiko eta harresitik kanpoko errebalekiko distantziakide izatea”. Beraz, hiriko erdigunea aukeratu zen funtzio zentrala betetzeko.


Oinplano irregularra erakusten du, eta beste eraikin batera atxikita dago atzeko partetik. Guztira hiru solairu ditu: behekoa eta beste bi. Behekoan plazara zabaltzen den arkupea dago, gurutze formako zutabeen gainean sostengatzen diren erdi puntuko zazpi arkuz osatua.
Lehenengo solairuan dinteldun baoak agertzen dira forjazko balkoi baten atzean. Goiko solairuan bao laukizuzenak ditugu, balkoi eta behealdeko arkuekin batera aurrealdearen ardatza eratzen dutenak. Eraikinaren elementurik interesgarrienak aurrealdean batzen dira. Hauetatik garrantzitsuenetarikoa bi irudik sostengatzen duten herriko armarria da. Baina, hala ere, udaletxeko elementurik aipagarriena
eta berezkoena fatxada gaineko rokoko estiloko margoak dira: Ignacio de Zumarragak 1770ean pintatu zituen “Frantziar komedian” oinarrituta. Gerra zibilaren ostean, Eloy de Garayk berriztatu zituen.





6- Lariz dorrea: Erdi Aroko dorre honetan Isabel erregina katolikoak hartu zuen ostatu, 1483an, Durangaldeko eta Uriko foruak zin egitera etorri zenean. 2009an zaharberritu da, eta bertan Turismo Bulegoaren egoitza berria dago. Bando-kideen arteko gerrateekin harremana duen Erdi Aroko dorretxetan du oinarri. Gerrate hauetan familia ezberdinek boterea lortzeko borrokatzen zuten. Behin liskarrak amaituta, gizarte maila ezberdinak sortzea ahalbideratu zuen aldaketa soziala eman zen
(merkatariak, funtzionarioak…) eta  botere politiko handia lortu zuten. Lariz Torrea hiri-dorre bezala definitzen da, ez duelako jadanik elementu defentsakoak. Ezaugarri nagusiak dira:  horizontaltasuna, baoen ugaritasuna eta hauen tamaina, eta bere izaera “teatrala”. Dekorazioari dagokionez, erabateko lehentasuna ematen zaio fatxada nagusiari. Gotiko berantiarrari dagozkion dekorazio-elementuak ditu: bao konopialak edo zorrotzak, geminatuak, asentu-leihateak edo gustu hispano-flandestarreko tailak. Errenazimenduari dagozkion beste batzuk ere nahasten dira: erdi-puntuko arkuak, leiho dintelduak,
sarritan bola edo iltze-buru ugarirekin dekoratuak. Fatxada nagusian simetria eta oreka bilatzen da, erdi-puntuko arku zabal bat erdi-erdian jarriz eta gurutzezko trazeria duten bao dinteldu handiak erregularki ordenatuta banatuz.





7- Santa Anako arkua: Durangoko hiribildua inguratzen zuen harresiko sei ateetatik gelditzen den bakarra da Santa Anako arkua, estilo barrokokoa. Harresia, hiria eta herria bereizten zuten elementu morfologiko onenetarikoa da. Erdi Aroko euskal hiribilduek harresia eraikitzen zuten kanpoko arriskuetatik babesteko. Hesietan atari fortifikatuak eta atexkak egiten ziren: urruneko herrietara edo inguruko nekazal gunera joateko bideen abiapuntu ziren. Horixe da Durangoko kasua. Erdi Aroko Uri moduan zegoen eratuta, eta komunikazio-lokarri papera betetzen zuen kostaldearen eta
Gaztelaren artean, batetik, eta Bizkaia eta Gipuzkoaren artean, bestetik. Durangoko harresiaren ate batzuei buruzko dokumentazio literarioa edo grafikoa egon badago, baina ate bakarrak irauten du gaur egun: Santa Ana Arkua. Izen bereko plazan dago, Gaztelarako bide zaharraren irteeran, XVIII. mendearen bukaeratik gurdibidea izan zena. Bide honetatik egiten ziren merkataritzako joan-etorri
nagusiak, Durangoko bizi-iraupena bermatzen zituzten merkantziak bertatik sartzen baitziren.






8- San Agustin kulturgunea: XVII. mendean Agustindarrek eraikitako eliza eta monasterioa da.
Era askotako ikuskizunak egiten dira bertan: antzerkia, musikaekitaldiak eta bestelako kultura-jarduerak. Kontraerreforman, heresiei eta erlijio-desbiderapenei aurre egiteko, errege Felipe II eta bere ondorengoak, elizkoien erretiro pribatuak, serorenak batez ere, klausurarantz bideratzen saiatu ziren. Horixe da Bizkaiko komentu askoren jatorria, baina ez Durangoko San Agustinena, orden hau aspalditik eratutako erakundea baitzen. Hala ere, alderdi komunak ditu, esaterako, ondare partikular baten menpe egotea -kasu honetan Calatravako zalduna zen Domingo de Garro jaunaren ondarearen menpe- eta abantailazko leku batean, errebaletan, kokatzeko formula. Agustinoak, 1584an, dagoeneko bazeuden Durangon -hasieran gutxi batzuk-, eta XVII. mendearen lehehengo erdira arte ez ziren guztiz finkatu. Aipatutako ondareak babestuta, Agustinoek, 1662an, komentu bat eraiki zuten, eliza, egoitza eta patioa barne. Erakundeak Jose Bonaparteren desamortizazioa heldu arte funtzionatu
zuen, XIX. mendera arte alegia. Hortik aurrera, udaletxearen menpe egongo zen. Patioa inguratzen dituzten gelen inguruan ospitalea eta zaharretxea jarri zuten. Duela gutxi, San Agustin eliza xede kulturaletarako bideratu zen, San Agustin Kultur Gunea bilakatuz. Kasu bietan eraberritzeak beharrezkoak izan ziren baina lanok ez zuten asko aldatu jatorrizko obraren izpiritua.






9- Landako gunea: Era guztietako jarduerak eta ikuskizunak egiten dira. Horien artean, nabarmenena, Euskal Liburu eta Disko Azoka da. Landako Gunean barruti garbia aurkituko duzu, zutaberik gabekoa,
modernoa eta erabilera anitzekoa. Instalazio modernoak ditu, aparkaleku zaindua eta modu guztietako ekitaldiak ospatzea ahalbidetzen duen zerbitzu gama zabala: bezeroaren neurrira eginda.
4.200 m2 horietan, besteak beste, azokak, kultur eta musika jaialdiak, erakusketak eta kontzertuak egiten dira. Urtean zehar, 50.000 pertsona baino gehiagok bisitatzen dute. Kokagunea ere pribilegiatua da: Durango (Bizkaia), Euskal Autonomi Erkidegoaren bihotzean dago, gainontzeko probintzietatik eta hiriburuetatik kilometro gutxira. Kokapen honek, gainera, interes handiko ondasun historiko-monumentala gordetzeaz gain, paisaia natural paregabe bat ere eskaintzen du: Urkiolako Parke Naturala. Landako Gunea 12.783 m2-ko orubean dago, ondoan Plateruena kafe antzokia eta  Elkartegia (enpresa mintegia) dituelarik. Landako Erakustazokak prisma handi baten itxura du, tankera sendoa irudikatuz. Sendotasuna eraikinari eusten dion egitura metalikoaren neurriari esker lortzen
da. Fatxada beira serigrafiatuakoa da.






viernes, 9 de noviembre de 2012

MUNGIA HERRIA ETA BUTROI-KO GAZTELUA EZAGUTUZ

Gaurko sarrera hau egun osoko ibilbide bat izan beharrean goiz batekoa izango da, non Butroi-ko gaztelua eta Mungia herria ezagutuko ditugu.

-9:00

Gure egunari hasiera emateko Gatika herriko Butroi auzoan kokatzen den gazteluaren bisita egingo dugu.

Wal Disney-ko pelikula batetik aterata dagoelaren itxura duen Gaztelu honek honek Erdi Aroan du jatorria, XI.mendeko erdikaldera eraiki zelarik, Butroi familiaren eskutik. Gaur egungo itxura aldiz, XIX. mendean eginiko birmoldaketa sakonaren ondorioz datorkio, Cubasko markesak egin zuena. Oinarri modura zimenduak eta dorre zirkularren zati bat hartuz, beste guztia era germaniarrean eraiki zen, fantasia ikutu handiagatik, inguruko gazteluen estilotik urrunduz. Neurri batean, XIX. mendeko gaztelu Bavariarrekin paralelismoak dituela esan daiteke. Eraikuntza bera, denbora-pasa moduan eta erakargarri egiteko izan zen eraikia, etxe habitagarri bat lortzearen ordez. Izatez, bizileku moduan oso deserosoa da, dorrek ez baitute espazio erabilgarri handiegirik eta kanpo-pasabideen bidez baitaude konektaturik euren artean.

Eraikinaren inguruan, palmera eta espezie exotiko askodun parke bat dago. Esparru guztia ostalaritza establezimendu modura egokitua izan zen, Erdi Aroko ikuskizunekin. Geroago, enbargatua izan eta subastan atera zen.

Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundia da esparru guztiaren jabea, eta nahiz eta duela 10 bat urte barrutik bisitagarria izan, gaur egun kanpotik ikustearekin konformatu egin beharko gara.




                                         








-9:45

Behin gazteluaren edertasunaz gozatu dugularik, ondoan kokatzen den Butroi ibaiaren inguruan zirkuitu zirkular bat egitea proposatzen dut, inguru osoko ikuspegi orokor bat izateko, aldi berean eremu naturalean murgiltzen garelarik.. Honen luzeera 9km-koa izango da, Butroi-ko gazteluan hasita eta Andraka herrira iritsita berriz ere puntu berdinera bueltatuz. Hau egiteko 2 ordu inguru beharko ditugu.

Ibilbidea gazteluaren aparkalekuan hasten da. Ibaiaren eskuineko itsasaertzetik oinez hasiko gara eskuinera eramango gaituen lehenengo desbideraketa hartuko dugularik. Pixka bat aurrera eginez eta irekita dagoen hesi bat zeharkatuz, Margaltza mendira eramango gaituen gorako bide bat hartuko dugu.



                                        


Bidean zehar, haran osoko ikuspegi zoragarriak izango ditugu, hala nola gazteluaren perspektiba desberdinekin batera. Gure eskuinaldean gune industrial bat utzita, mendi tontorreraino iritsiko gara, non komunikazioetarako antena bat kokatzen da.

Antena hau igarota, aldapa beherako bide bat hartuko dugu, zeinak zuzen-zuzenean Andraka herrira eramango gaitu. Hala ere, herrira heldu baino lehen, Atxutegi auzora doan bidea hartuko dugu (seinalitatuta dago). Tramo hauxe, baserrien tarteako errepide bat da. Honetatik abiatuko gara hesi batez mugatuta dagoen urbanizazio batera ailegatu arte. Orduan eskumara doan bidexka batean sartuko gara, zein Plentziako itsasadarrean bukatuko da.

Itsasadar horren albotik ibiliz, eta urtegi eta errota zahar batetik igaro bezain pronto, gure hasierako puntura iritsiko gara.

Gazteluaren inguruan erabat atseginak diren zenbait taberna aurkituko ditugu, zeinetan zerbait hartzea gomendagarria izango litzateke.



-12:30

Butroi gaztelua eta bere inguruak ezagutu ditugula, Mungia herrira gerturatuko gara. Hauxe Bizkaiko barrualdeko udalerria eta Mungialdeko eskualdeko hiriburua da. 16.000 inguruko biztanle dituelarik.

Zer ikusi Mungian?

-Arkitektura zibila:

1- Torrebillela: Mungiako arkitektura zibilaz hitz egiten badugu, ahaztu ezinekoa da bertako eraikinik esanguratsuenetakoa, hots,Torrebillela. Erdi Aroan dauka sorrera eta gaur arte iraun du, nahiz eta aldaketa ugari izan dituen.



                   


Billela familia izen bereko auzoan kokatu zen hasiera baten, baina XIV mendearen amaierarako joanda zeuden bertara.

Eraikinak aldaketa asko izan ditu gaur egunera arte, baina badirudi hasierako eraikina harrizko dorre bakuna zela, apaindurarik gabekoa eta bai babesteko eta bai bizitzeko erabiliko ziren 5 solairukoa altueran.

XV mendearen amaieran eta XVI.aren hasieran izan zuen lehen aldaketa, baina ez zuen bloke trinkoaren itxura galdu. Almena eta merloidun frisoa zeukan amaieran eta horiek lau uretako teilatuari eusten zioten. Eraikin osoaren inguruan harresi txiki bat zegoen.

1852an aldaketa handia jasan zuen eta gaur ezagutzen dugun eraikinera etorri zen. 2006an azken aldaketa egin zitzaion eta horren bitartez teilatuak jarri ziren atzera. Antzinako Billelatarren eremu honek udalaren kultura-zerbitzuak eskaintzen ditu gaur egunean.

Erdi Aroan erdigunean gure herrian izan ziren gainerako eraikinetatik ez da ezer lotzen; izan ere, 80ko hamarkadaren hasieran Beko kaleko era horretako eraikinak behera bota ziren eta, apurka-apurka, antzinako tankerako beste eraikin batzuk ere bota eta berriak sortu ziren. Ondorioz, gaur egun ikus ditzakegun eraikinak nahiko modernoak direla esan behar da.


2- Urigunea: Herrian zehar ibilbidea eginez gero, baserritik XX. mendeko etxera egon den bilakaera ikusteko aukera ematen digu; Arnagatik (baserritik kaleko etxebizitzara egon den aldaketaren erakusgarri) erdiguneko plazetako etxebizitzetarako bilakaera hain zuzen ere. Herriko etxea Araluzek eraiki zuen 1927an Castroko Leonardo Rucabadoren proposamenei jarraituta. Udaletxea eraiki zuen, neokantabrismoaren eragina duen eraikina, erdiko dorreari amaiera ematen dioten garitoietan eta berorren inguruko ezproietan ikus daitekeenez. Euskal udaletxeen oso ezaugarri ohikoa da erdi-puntuko arkudun ataripe zabala, eta dorrearen alboetako bilbadura adreilua. Ukitu gotiko eta barrokoak ere badaude agerian, batez ere apainduretan.

Plazan bertan XVIII. mendetik honantz eraikitako etxeen adibideak ditugu, nahiz eta erdigunea XIX mendean zehar sortu zen. Gune publiko nagusi bi daude: Foruen enparantza (lege zaharren ikurra, topaleku eta merkatu-gunea mendeetan) eta Matxin deritzan plaza (antzinako kortsarioaren oroimenezko izena). Guneok estilo neoklasiko, neoeuskaldun edo neokantabroko eraikin batzuk dituzte inguruan, kasu baterako, Udaletxea, Agirre Jauregia (XVIII), Foruen enparantzako eraikinak (erabilera publikorako pentsatu ziren ataripeak dituzten eraikinak), Agirre Jauregiaren aurreko etxea (herrian Jai Alai izenez ezaguna dena) eta Leon Arruzaren etxea deritzana.


               



3- Beste eraikin batzuk: Urgoiti palazioa XVII mendeko jauregi ederra da. Hasiera baten Galdakaon zegoen kokatuta, baina harriz harri ekarri zuten bertora. Arrituganen daukagu kokatuta, Berreaga mendiaren ondoan. Eraikin hau ere Mungiaren monumentu-ondasunenetako bat da.

Larraurira, antzinako udatiarren ingurura hurreratuz gero, XIX mendeko jauretxeen adibide ederrak ikusi ahal izango ditugu.

Estilo eklektikoko eredu arkitektoniko horretako eraikin interesgarriak aurkituko ditugu Larraurin. XIX mendearen bigarren erdialdean, euren bizi-statusa erakutsi nahian, burgesia mailan ohikoa bihurtu zen Bizkaian ur-sendagarriak hartzea. Hori dela eta, Larrauriko urak lagun askok eta askok bisitatu zituen, eta hasieran bisitariek ostatu bainuetxean hartzen bazuten ere, laster hasi ziren inguruetan jauregitxoak eraikitzen.

Eurotako batzuk desagertuta daude, baina oraindik ere badaude Larraurin sasoi hartako eraikinen adibideak; esate baterako, Don Alupioren txaleta (ukitu neobarroko frantsesa duen jauregitxoa), Villa Tánger (eredu ingelesaren eta neokantabrikotasunaren arteko eredua) eta Villa Justina (teilatu pikoetan eta teilatu-hegaletan iparraldeko tankera erakusten duena).



              


-Arkitektura erlijiosoa:

1- San Pedro eliza: XII. mendean bazegoen oraingo San Pedro eliza. Butroetarrak eta herritarrak nahaste eta borroka ugari eduki zituzten elizaren jabetza zala-eta. XVI. mendean hasi ziren erretaula egiten, baina obraren adjudikazioaren kontrako erreklamazioak lehenengo eta Bizkaiko Izurrite Baltzak gero, atzeratu zituen obrak. San Pedro eliza txarto zegoenez, XVII. mendean obretan hasi eta ganga osoa jausi zen. 36ko gerran eliza erre egin zuten, gerra ostean(l940) konpondu zutelarik.



                                 


2- Andra Mari eliza: eliza hau ere, Butroetarren era herritarren arteko burruken artean egon zen. Urtetan guztiz hondatuta egon zen XVIII. mendean berria egin zuten arte. Jose de Zaylordak (musikari, alkimista, astrologoa, teologoa... eta ez arkitektoa) zuzendu zuen obra. 1848an berriro berriztatu eta zabaldu egin zuten. Gaur egunean (eliza berriztatu ibili ostean), hormak kontserbatu dira, herri-plaza bihurtu delarik. Agerian dagoan gauza bakarra harlanduzko aurreko aldea (XIX.eko neoklasikoa) eta atzeko aldea dira bao edo hutsarte batzuekaz.


                                                

3- Billelako San Andres baseliza: Birle auzoan kokatzen den solairu heptagonal (7 alde) eta ez erregularreko baseliza dugu hau, agiriko harlangaitzezko hormak fatxada ematen diotelarik. Erdian dorre bat izango due non kanpaia kokatu egiten da, alboetan akrotera bi eta gailurrean zementozko gurutzea dituelarik.


                              

-14:30

Behin Mungia herriaren bazterrak eta eraikin nagusiak bisitatu ditugula, bazkaltzeko ordua iritsiko zaigu.

Egia esateko bertako jatetxerik ez dut ezagutzen, beraz ezin izango dut beste sarreretan bezala inolako gomendiorik eman. Hala ere, nahiko lagungarria izan daitekeen lista bat utziko dizuet, non herriko jatetxe desberdinak agertuko diren, bakoitzan zer nolako bazkariak eskeintzen dituzten jarrita dagoelarik.

Bazkaltzeko lekuak

lunes, 5 de noviembre de 2012

TXORIERRI-A EZAGUTUZ

Txorierri edo Asua bailara Bizkaiko erdialdean dagoen eskualdea da. Bilboko itsasadarreko eskumaldean dago kokatuta eta sei udalerrik osatzen dute, Derio izanda populatuena eta mankomunitatearen egoitza bere barnean duena. Eskualde honetan daude Bilboaldea eta Euskal Herri osoko azpiegitura garrantzitsuenen artean dauden Bilbo-Loiu aireportua etaZamudioko parke teknologikoa, besteak beste.

Hauek dira Txorierri-ko eskualdea osatuko duten udalerriak:

1- Derio (5.450 biztanlde)
2- Sondika (4.530 biztanle)
3- Zamudio (3.250 biztanle)
4- Lezama (2.515 biztanle)
5- Loiu (2.490 biztanle)
6- Larrabetzu (1.930 biztanle)

Gure ibilbidea Bilbotik urrunago aurkitzen den Larrabetzutik hasi egingo dugu, pixkanaka-pixkanaka, hiriburura gerturatzen garen einean, herrialde guztiak ezagutuko ditugularik.




                              


-9:00

Larrabetzu Itsasadarreko Bidean sartuta dago, Compostela-ko erromesaldi bide zaharrenetariko bat da, Irunen hasten dela eta Kantabria itsasoaren paraleloa doala.

Xacobeo Bidean egotea eragin zuen Larrabetzuren sorrera. Bizkaian dauden hogei hiribildutako bat da. Bere aitzineko hiriko egitura oraindik bereizten da; etxebizitza-eraikinak kale nagusiaren, zeharkatzen zuena, alboetara eraikin ziren. Itsasadarreko Bide izeneko erromes bidea Xacobeo-ko debozio lehenengo urteetatik erabili zen (IX eta X mendeak). Lehenengo aroan Bide Beheko bide alternatibo bat zen, Nafarroa lurretan erromesak musulmanen mehatxuak zirela. XIII mendean eta beheko bidearen indarraren kontra egin zuen aurre eta jarraitu zuen Irunetik zeharkatzen zuten erromesak jasotzen, Kantabria portuan lehorreratzen zutenak baita.
Herrian Anguleria jauregia eta San Emeterio eta San Celedonio elizaz aparte ez dago ondare kultural handiegirik. Hala ere, herriak duen Erdi Aroko itxura horrek erabat erakargarria egiten du, gure ibilbidean geldialdi bat egitera behartuko gaituena.

-Anguleria jauregia: Goikoelexeako errepide bazterrean dagoen eraikin dotorea da, exentua, bolumen kubikoduna, lau isurialdetako teilatuduna eta bi solairu eta ganbaraduna.
Etxearen barruko egitura zurezkoa da eta kanpoko aldean silarria, adreilua eta harginlana ageri dira. Fatxada nagusiak argi-patio bat dauka, toskana bidez dinteldutako lehen solairuko galeriara sartzeko. Horren gainean eraikinaren goiko zatiak hegalkina dauka, adreiluzkoa balitz bezala margotua, irudi lirainezko zenefa bat duela. Gai nagusia kuatrilobulo baten barruan dagoen erromatar gurutzea da. Horren gainean 1777 data ageri da idatzita.



                                        

- San Emeterio eta San Celedonio eliza: Eliz ia osoa XVII.mende aurretik eraiki egin zen. Mende horrez geroztik gaur egun ikus daitekeen nabea osatu egin zen, baita alboan kokatzen den dorre-kanpalekua eraiki ere. Oin laukizuzeneko nabe bakarrekoa da eliza, hauxe 3 zati desberdinetan banatzen delarik.
XVIII.mendean sakristia egin zen, zein multzo osoaren buruan kokatu egin zen.
Elizak 2 sarrera ditu, albo batetan kokatzen dena XV.mendekoa delarik.



                                         


                                        

-10:30

Behin Larrabetzu herria ezagutu egin dugularik, bertatik kotxez minutu pare batetara kokatzen den Lezama herrira abiatuko gara.
Herrian Erdi Aroko sustraiak antzeman daitezke modu argi batean, herriaren egitura nahikoa gutxi aldatu dela esan dezakegula.
Lezama herria azken urteetan estatu mailan nahiko ezaguna egin da, bertan Athletic Klub futbol taldeak bere entrenamenduak burutzeko instalazioak kokatzen direlako.

Futbolean jokatzeko prestatutako gune gau 1971.urtean sortu egin ziren, 3 futbol zelai eta aldagelak eta erresidentzia barneratzen zituen eraikin batez osatuta zegoelarik. Hala ere, geroago zenbait anpliazio jasan ditu, beste 4 zelai baita polikiroldegi bat eraikiz.

Futbol zalea izanez gero, bertan geldiunetxo bat egitea derrigorrezkoa izango da, Athletik-eko jokalariak gertutik ikusteko aukera paregabea delako.


                                                 


Hortaz aparte, nahiz eta Athletic Klub-eko instalazio hauek herrira gerturatuko diren gehienen kontzentrazio punturik nagusiena izan, Lezama-n ondare kulturalak ere bere garrantzia izango du.


1- Andra Mari eliza: XVI. mendean eraikitako mami gotikotik aurrera, ondoz ondo egin diren aldaketa eta handitzeen emaitza da. Haren barnean gangak, bost aldare eta atari jarraitu eder bat daude, handipena egin arte hilobi gisa erabili zena. Eraikina zehazten duten ezaugarriak gotikoa eta barrokoa dira. Arkupearen barruan dago Elizpearen Mahaia, antzina Lezamako udal erkidegoa biltzeko erabiltzen zela gogoratuz. Elizaren barrualdea hiru nabetan banatuta dago eta nabarmentzekoa da oinarrian arku karpanelaren gainean dagoen goragoko korua. Kapera nagusiak haren irudia osatzen du guztiz, erretaula barrokoa agertuz. Urrezko erretaula horrek hiru kale eta teilatupe bat ditu, eta bere zutabe konposatuek girlanden dekorazio berezia daukate beren fusteetan. Kale nagusian Ama Birjinaren zeruratzearen irudia nabarmentzen da, horma-hobi baten barnean dagoena. Bi aingeru guardako horma-hobiaren goiko aldean agertzen dira, erlaizteria apurtu baten gainean jarrita, eta gure begirada Ama Birjinaren irudirantz joaten laguntzen dute. Alboko kaleek San Pedro eta San Pauloren irudiak barne hartzen dituzte. Eliza horretan elizateko bi fiel errejidoreen eserlekuak daudela adierazi nahi dugu, batez ere garai bateko lekuko izan zirelako, eta ez berez balio artistikorik daukatelako. Zur polikromatuz eginda daude, eta XVIII. mendekoazken urteetakoak omen dira. Sakristiak bi pieza interesgarri biltzen ditu. Bata San Bartolomeren irudia da: San Antolin baselizatik ekarri ondoren, bertan kokatu zen. Bestea eserlekuaren itxura daukan kutxatzarra da, bizkarralde zabala daukana.



                                           


2- Lezama-ko dorretxea: Lezamako dorretxea Aretxalde auzoan dagoen XVI. mendeko eraikina da. Hareazko harlanduzko lanez egina, bolumen prismatiko sinple, trinko eta liraina du. Sarrerako mandioa du, gaur egun dorrearen alboan eraikitako baserriaren barne. Bolumena murarioa, soila eta ia baorik gabekoa da. Fatxadak hormatal leunak eta apaindurarik gabekoak dira. Haren hermetismoak eta sendotasunak gotorlekuitxura ematen diote, ia ez baitu ezaugarri militarreko beste elementurik. Oin karratua du, alde bakoitzeko hamar metro inguru; 16 metro inguruko altuera, eta teila zeramiko makurreko lau isuriko estalkia. Beheko oina, hiru altuera eta teilatupeko oina ditu.



                                               


3- Goitizuri baserria: XVI. mendeko harlanduzko horma-atal zabala du. Gainera, 1588. urteko besoa nabarmendu behar da. Bertan inskripzio bitxi eta ikusgarri batek etxea Juan de Araucok egin zuela jakinarazten digu. Iñigo Goiti jabeak berreraiki zuen XVIII. mendean, eta gaur egun itxura modernoa du.


4- Olazarra baserria: Bizkaiko herri-arkitekturan kasu bakarra da. Izan ere, barroko klasizista nagusitzen da bere estalduretan. XVII. mendeko baserri horrek hiru solairu ditu: behekoa harlanduz apainduta dago; goikoetan, berriz, zarpiatutako adreiluak daude. Adreilu horiek hormaren gainazala berdintzeko ematen den morterozko lehenengo geruza osatzen dute. Olazarrak garai hartako herri-arkitektura eta arkitektura landuaren artean zegoen lotura agerian uzten du.


5- Isukitza baserria: Eugenio Lezama Leguizamónek 1848an berreraiki zuen. Atalpean bi arku beheratu ikusi ahal dira eta goian XVII. mendeko armarria dago.



                                      

                                                              Goitizuri baserria 


                                       

                                                                Olazarra baserria 


-12:00

Lezama atzean utziko dugularik, Zamudio herrira abiatuko gara.
Zamudio, aurretik ikusitako herriak bezala, Erdi Aroko egitura bat mantendu egiten du. Hala ere, azkenengo hamarkadetan, enpresa eta industria askoren kokalekua bihurtu egin da, Zamudio-ko Parke teknologikoan guztiak batu egiten direlarik. Beraz, zahar eta modernoaren arteko konbinaketa bat sortu egiten da.

Gutxi gora-behera, Txorierriko bailararen erdian dago. Erdi Aroan bidegurutzea zen bertatik, batetik Bilbotik (ez da ahaztu behar hiriburuko sarbiderik nagusiena Zamudio ataria zela) Mungia igaroz Bermeoraino joaten zelarik eta bestetik Plentziatik eta Bilboko itsasadarraren eskumaldetik, Larrabetzu igaroz, jaurerriaren barrualdera. Komunikaziorako hain garrantzitsua zen bidegurutze hau, San Martin eta alboan dagoen torrearen jabeen botereaz biribiltzen zen. Guzti honek leku honi aparteko nagusitasuna ematen zion, bertan ekonomia boterea, pertsona zein merkadurien garraioa kontrolatuz, izpirituaren boterea eta militarren boterea batzen baitziren.


Gauzak horrela badira ere, herriaren hiriburua modernitatea nahiko baztertuta dagoela esan daiteke, garai bateko eraikin ugari oraindik ere mantendu direlarik.


1- Malpika dorretxea: Hesirik gabeko lau angeluko oina eta kubikoaren itxura duen eraikina. Beheko solairuan tamaina ez erregularreko silarrixkaz aparejatua dena eta goi aldera silarrizkoa. Babeserako izaera duen eraikina, itxura sendoa duena eta bao baino horma gehiagoz itxia. Zamudioko San Martin Elizaren alboan dago kokaturik. Hormen lodiera da bere alderdi nabarienetako bat, 2'7 metrotaraino heltzen dela. XVI. mendearen hasierako eraikin bat da Malpika Dorrea, gotikoaren amaiera aldeko elementuak dituena eta errenazimendukoak ere bai. Patioska baten barrena sartzen da dorrearen barrura. Fatxada nagusia ekialdera begira dago, tapiatua izan zen sarrera bat zeukan eta oraingoa jarri zen. Lehenengo solairuan dago hori eta bere giltzarrian Zamudioko armarria daraman dobelatutako puntu erdiko arkuan dagoen bao bat da. Dorrearen bigarren oina XIX. mendean berreraiki zen eta, bere altuera nabarmenaz baliatuz, tarteko solairu bat eraiki zen. Azkenengo oina ondoen argitua da eta arku konopial bat nabarmentzen da fatxadan. Hormen gailurrean, mailakatutako errepisa zirkularretan apeatutako harburu eta garitoinezko friso bat ikusten da. Teilatua, lau isurkikoa da.


                                             
                                                         

2- San Martin eliza: Tenplu zahar hau euskal gotiko estilokoa da eta Gabiria eta Zamudio leinukoek altxarazi zuten Goi Erdi Aroan (930. urtean). Leinuok Zamudio torreko jaunak ziren. Harrezkero hainbat alditan egin zitzaizkion aldaketak. XVII. mendearen bigarren erdian berreraiki egin zen, estilo errenazentistari estu-estu loturik.


                                        

3- Larragoiti jauregia: XVII.mendean eraiki zelarik Zamudio herriko enblema izan da betidanik. Honek 2000.urtean erreforma sakon bat jasan behar izan zuen bere egoera benetan kaskarragatik.

Gaur egun, berrikuntzaz geroztik enpresa berrien zentruan bilakatu egin da.


                                             


Aipatzeko da, ondare kultural eta parke teknologikoaz aparte, Zamudio herria oso ezaguna dela bertan ospitale psikiatriko bat kokatzen delako.


-13:30
Behin Zamudio-ko bazter nagusienetatik bueltatxo bat eman dugularik bazkaltzeko ordua iritsiko zaigu. Horretarako Zamudio-n badago nahikoa eskaintza hona, nahiz eta jatetxe gehienak parke teknologikoan bertan kokatuta egon, bertako langileentzat bideratuta daudelarik. Nik hurrengoak gomendatuko dizkizuet:


1- Amairu Aretxeta erretegia, San Antolin kalea Nº11
2- Errekaondo jatetxea, Arteaga kalea Nº80
3- Urbasa jatetxea, Txorierriko etorbidea Nº4


-16:00
Sabela bete-bete daukagularik eta kafetxo bat hartuta, Derio herrira gerturatuko gara. Historian zehar aldaketa ugari izan ditu, garai askotan bai Bilbo bai Mungia-rekin lotuta egon zelarik.
Zamudio herria moduan, honek ere Erdi Aroko egitura eta industrializazio garaiko modernitatea bateratze egiten ditu.
Zer bisitatu beharko dugu Derio herrian?


1- San Kristobal eliza: X.mendean eraikia izan zen eta 1.745.urtean berreraiki eta handitu zuten. Ertzetan harlandu handiak dituen harlangaitzezko eraikina da. Elizak ateburua, dorre angeluzuzenekoa eta habeetan finkaturiko elizatea ditu. Barruan, Ama Birjina eta Semearen irudi gotikoa dago.


2- San Isidro eliza: 1958an eraikitako eliza honek basilika-oinplanoa eta dorre alboratua ditu. Aurrekaldean hiru arku ditu, sarrerakoa erdi puntukoa delarik.


3- San Esteban baseliza: Eraikin kubikoa da. Lau isuriko teilatua eta harlangaitzezko hormak ditu. Sarreran erdi puntuko arkua eta alboko kontrahormak daude.


                                    

                                                            San Esteban eliza 

                                    

                                                               San Isidro eliza 

4- Derio-ko seminarioa: Eraikina 1930ean hasi ziren eraikitzen, ospitale psikiatrikoa izateko asmoz. Eraikin lanek hainbat atzerapen izan zuten, eta inoiz ez zen ospitale bihurtu. Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, Eusko Gudarostearen biltoki eta gordelekua izan zen. 1937ko maiatzean bonbardatu zuten baina kalte eskasak izan zituen.

Gerra Zibilaren ondoren bertan behera gelditu zen ospitale proiektua. Eraikina izan behar zuen lau eraikinetik bi baino ez ziren eraiki.

Gauzak horrela, 1955etik aurrera eraikina apaiztegi gisa erabiltzen hasi zen. Dena den, seminarioaren bizitza laburra izan zen. Bere jaiotzatik Bilboko elizbarrutian izandako arazo anitzez gain, apaizgaien kopurua gutxituz joan zen. Horrela, 1975ean Seminario Handia itxi zen eta beranduago ikastetxe bezala erabiltzen zen Seminario Txikia ere. Une honetatik aurrera erakunde kultural ezberdinek izango dute bertan bere egoitza.

1990ean, lur batzuen arteko trukearen bitartez, Seminarioaren jabetza Bilboko Elizbarrutiaren eskuetan geratu zen. 1995ean Arteaga Centrum sortu zen eta bere berrikuntza osoa hasi zen eraikina enpresa ezberdinei alokatuz. Komunikazioei dagokienez, leku apartan dagoen eraikin hau ia erabat berriztatua dago gaur egun eta enpresa ezberdinak, kirol guneak, hotelak eta jatetxeak hartzen ditu bere baitan.

                                     

5- Derio-ko hilerria: XIX. mendearen erdialdean Bilboko udala hasi zen bere Mallonako hilerriarentzat lur berriak bilatzen. Loiu, Abando eta Burtzeñan jartzeko aukerak baztertuta, Derio eta Zamudioko lurretan zegoen Vista Alegre gunea aukeratu zuen hilerria jartzeko. Bilbo-Lezama trenbidea egin behar zuen konpainiak 100.000 metro koadroko lurzatia eskaini zion Bilboko udalari.

1895ean Bilboko udal arkitektoak hasi ziren hilerria izango zena egiten. Kanposantua 1902 urtean inauguratu zuten.

Gerra Zibila garaian hilerrian hainbat pertsona fusilatu zituzten. Hildako gehienak Errepublikaren alde jardundakoak dira gehien bat. Euren izenak ikus daitezke hilerrian bertan gaur egun ere.

Estilo eklektikoa du hilerriak, ukitu neoklasiko eta neogotiko ugarirekin. Miniaturan egindako hiri baten antza du: bideek kuadrikula bat eratzen dute, erdian Begonako Andra Mariren plaza dauka eta modu hierarkikoan dago eratua, hildakoen klase sozialaren arabera.

Bilboko burgesiako kideek Derion lurperatzen zituzten hildakoak eta panteoi ederrak eraiki zituzten garaiko arkitektorik handienak. Izan ere, panteoia etxearen luzapena zen.


                                 

-18:00

Gure bisitako hurrengo geltokia Loiu izango da.

Herri gunea Udaletxea, frontoia, San Pedro eliza eta kultura etxea daudeneko plazaren inguruan eratzen da, bertan kokatzen direlarik artearekin loturiko elementuko guztiak.

1- San Pedro eliza: Erdi Aroko, XII. mendeko, eraikuntza batean oinarritzen da. Loiuko eta Asuako leinu-etxeak izan ziren eliza horren patroiak. Gaur egun oraindik ere mantentzen dira elementu gotiko batzuk, hala nola ojiba-arkudun bi ateak, isabeldar ereduan. Horietako bat, elizpean dagoena, arte-kalitatea handikoa da. 1634.ean berreraiki zuten, Santa Anako Kondea patroi zuela (XVIII mendea). Gangadun habeartea dauka, erretaula barroko doratuak dituzten hiru aldare, atiko jarraitua eta aurrealdeko dorrea. Sermoitegiko eta bataiotegiko burdin sareak nabarmendu egin behar dira, landu-landuak dira eta. Sakristian Arrosarioko Ama Birjinaren irudi bat gordetzen da. 2007ko abenduan, San Pedro elizak haritzezko organo bat estreinatu zuen. Sei metroko zabalera dauka, zortzi metro luzera eta bi metro sakonera, 1200 tubo eta 21erregistro ditu. Apartekoa da, besteak beste mende honetan Bizkaian egin den lehena delako. Organoaren koloreek elizako aldare nagusiaren koloreei jarraitzen diete: urdina (zerua adieraziz), berdea (lurra eta landak adieraziz), eta gorria (organoaren haize indartsua adierazten du). Proiektu hau Alemaniako Orgelbau Klasi Bonnek burutu zuen eta Eva Arrizabalagak margotu zuen.

Organoa egin ostean eta espazioarekin armonian egoteaz gain kalitate handikoa den musika ere egiten delarik, elizkizunetan ez eze hedapen handiagorako ekitaldietan ere erabiltzea erabaki zen: organo-emanaldiak, abesbatzen ekitaldiak, …

             
                                     

2- San Miguel baseliza: Inguruetan latinez idatzitako inskripzioa aurkitu zen, 1860an desagertu egin zena. Bertan zioen baseliza begoñatarrek eraiki zutela, baina orain dakigunarengatik Bekuako biztanleez ari zen. Baseliza hau Uribe merindadeko eliz gizonen biltoki gunea zen.




3- Larraburu jauregia: 
Eraikin aglomeratua, beheko solairuaren erdian ataripeko sarbide adobelatua dauka, eta haren gainean balkoia dago. Ondo proportzionatuta ez dagoen teilatu hegal batek luzatzen da hormen goiko perimetrotik, eta XVIII. mendekoa dela jakiteko ere balio du.



4- Abade etxeak: Bi eraikin berdin dira, apaindurarik gabeak eta fatxadetan zurrun antolatuta daudenak. 1801ean egin ziren, Juan de Zabala eta Juan Antonio Acharen planei jarraituz, arkitektura akademikoa duintasunez interpretatuz.




5- Bengoetxea baserria: XVI. mendearen bigarren laurdenean eraiki zen, eta duela gutxi jatetxe bihurtzeko zaharberritu dute. Egurrezko eskeletoa daukan etxea da, eta fatxadan oholak mihiztatuz egindako itxidurak dauzka; ataripe nagusia posteen artean dauka eta lehenengo solairuko areto nagusian arku jaitsiko sei leiho moztuko galeria. Eskualdean bizirik dirauen halako tipologiako azkeneko elementua da.



Loiu herriarekin bukatzeko, soilik esatea Bilbo-ko aireportua bertan kokatu egiten dela, 1997.urtean Sondikatik bertara mugitu egin zelarik. Hauxe urrunetik ikusi ahal izango dugu, "Usoa" izena hartzen duelarik.

-19:30

Gure egunari bukaera emanez, Sondika herria bisitatuko dugu, Txorierri-ko azken herria delarik.
Herriko lehenengo aipamenak XII. mendekoak dira, eta antzina Uribeko merindadearen herriburua izan zen. XV. mendean


Arkitektura erlijiosoa:

1- San Joan Bataiatzailearen eliza: Eliza hau Sondikako aireportua egitean suntsitu zuten. Iturrizaren arabera XII. mendekoak diren bi kapitel erromaniko eta elizako ate nagusia baino ez daude gaur egun, eta Bilboko Arkeologia Museoari eman dizkiote dohaintzan.



2- Gurutze Santuaren baseliza: Goiri auzoa. Oinplano angeluzuzena dauka. Hormak ageriko harlangaitzezkoak dira, eta harlanduzko izkinak dituzte. Teilatua hiru isurialdekoa da; eta absidea, laukoa. Kanpai-hormak bao bat dauka, eta burdinazko gurutzea dago kanpaiaren goiko aldean. Baselizako atea dintelduna da, eta ekialdera begira dago. Ateburuan, gainera, gurutzea eta kokagune berriko eraikuntza datatzen duen 1935. urtea agertzen dira. Arkupea oinaldean eta alboetako zati batean garatzen da. 1984. urtean zaharberritu zuten.



3- San Martin baseliza: Izarza auzoa. Zelai baten erdi-erdian dago kokatuta. Oinplano angeluzuzena dauka. Fatxada nagusia harlanduzkoa da; eta gainerakoa, ageriko harlangaitzezkoa. Teilatua hiru isurialdekoa da, eta zertxaren gainean eginda dago. Atea egur torneatuz egindako sarean dago txertatuta. Arkupea baselizaren oinaldean dago. Baselizari buruzko lehen aipamena 1690. urtekoa da.





-Arkitektura zibila:

Torretxu baserria. Sangronizen dago kokatuta, eta, seguruenik, abizen horretako leinuaren dorrea da. Bi isurialdeko eraikina da, eta harlanduzko hormak ditu. Gaur egun, jatorrizko bao batzuk daude ikusgai, eta handiena zorrotza da. Gaur egun, nahikoa hondatuta dago, eta ez da lehen bezain garaia. Nolanahi ere, oraindik ageri-agerikoa da hormetako aparailu gotikoa kalitatekoa zela eta arku zorrotz horretako dobelak oso ondo landuta daudela. Beharbada, patindun sarbidea eduki zuen beste garai batean. Bere perimetroan, gainera, zenbait gezileiho daude ikusgai.

Arkitektura funtzionalaren barruan, Izarza auzuneko modulu bakuneko eskolak nabarmendu behar dira, baita gaur egun Eusko Jaurlaritzako zenbait zerbitzuren egoitza den antzinako udaletxea ere. Jauregi neobarrokoa da, lau isurialdeko eraikin kubikoa den Batzokia bezala.

                                       

Baserri eta herri-eraikinei dagokienez, nahiz eta askotan eraldatu dituzten, oraindik ere armazoizko antzinako egiturak antzematen dira zenbaitetan: Kaminoa, Izarzan; Aresti Erdikoa, Aresti bidean; Boskotxe, Beiken; Etxepinto, Asuan; eta Enekone zein Gaskoetxe, Sangronizen. Baserri horiek XVI. mendeko bigarren zatian eta hurrengoaren hasieran eraiki zituzten.

Geroxeago, XVIII. mendearen amaieran, Larrondo Goikoa eta Ugaldeko baserriak eraiki zituzten. Egitura eramailea harrizkoa da, eta egurraren erabilera subsidiarioa da fatxadako bilbaduran eta ensolibatuan. Ataripean, mentsula molduratuak daude, eta, euren gainean, ateburu moduan erabilitako karrera-habea dago jarrita.

Hurrengo mendean, Beikeko Palacios baserria eta Olako Jauregia dira Sondikako landa-arkitekturako eraikin nabarienak. Baserria, hain zuzen ere, harlangaitzezko eraikin kubikoa da, eta bi solairu zein teilatupea dauzka. Fatxada nagusian, alboko ezproiak daude, fatxaden arteko balkoia jarraitua da eta baoak dinteldunak dira. Jauregia, ostera, lau isurialdeko teilatudun eraikin kubiko handia da. Fatxada oso aldatuta dagoen arren, alboko ezproietan oinarritutako balkoi jarraituaren araberako banaketa bere horretan dago.

XIX. mendean, aldaketak egon ziren, nekazarien etxeetako ataripea desagertu egin zelako eta, haren ordez, barruko ezkaratza jarri zutelako. Horixe bera gertatzen da Berreteaga baserrian. Harlangaitzezko eraikinak bi solairu eta bi isurialdeko teilatua dauzka. Baoak dinteldunak dira, eta konposizio neoklasikoaren jarraibideen araberako koadrikula osatzen dute. Era berean, Beresa Torre eta Usena Bekoa baserriak ere badira eredu berri horren adibideak.

Sondikako ondare nabarienari buruzko atalari amaiera emateko, Artxandako haize-errota nabarmendu behar dugu. 1725ean, Manuel de Bildosola jabe nagusiak eta jabetzaren herena zeukan Juan de Herrerok eraiki zuten erdibana. Horrelako erroten artean, aitzindaria izan zen Bizkaian.

-21:00

Ibilbidea bukatutzat emango dugu.

Espero dut Bizkaiko Barnealdeko zatitxo hau gustokoa izatea eta bertara hurbiltzeko gogoak sortaraztea.

miércoles, 31 de octubre de 2012

GORBEIA MENDIA EZAGUTUZ

Gorbeia edo Gorbeiagane Araba eta Bizkaiko lurraldeen arteko mugan dagoen mendia da, herrialde bietako eta Gorbeia izeneko mendiguneko tontorrik garaiena da. Zeanuri, Orozko, Ubidea , Zuia eta Zigoitia udalerrien artean banatzen da.
Bere gailurra 1.482 metrotan dago. Goian, 18 metroko gurutze ezaguna dauka. 1901an jatorrizkoa eraikia izan zen, 33,33 metro zituelarik, baina ekaitz batzuen ondoren erori zen. 1903an 22 metroko gurutze berria eraiki eta hilabete gutxi batzuk geroago haize eta elur bortitzek lurrera botatzen dute. Gaur egun dagoena 18 metro inguru ditu eta mende bat baino gehiago darama gailur honetan.

Gorbeiako Parke Naturala 1994.urtean izendatu zen, 20.016 hektareako azalera betetzen duelarik eta bi euskal probintzien artean hedatuta.
Parkearen ezaugarri nagusiak:

-Klima: Prezipitazioak ugariagoak dira Bizkaiko aldean Arabakoan baino. Klima atlantikoaren eta kontinetalaren arteko muga dugu Gorbeiako tontorra.

-Geologia: Bizkaian Aldamin edo Lekanda bezalako kareharrizko tontor zorrotzak dira nagusi; Araban, aldiz, tontor borobilduak ikus ditzakegu silizeo harrien gainean (Berretin edo Oketa, esate baterako)

-Basoak: Pagoak dira Gorbeian azalera gehien betetzen duten zuhaitzak, 6000ha alegia. Haritzak (Quercus robur eta Quercus Petraea) eratutako basoak urteetan zehar moztu egin ziren baso-landaketak (gehien bat Bizkaian) eta nekazal lursailak (Araban) ezarriz. Ibai-ertzeetako basoak hedadura gutxikoak izan arren, garrantzia handikoak dira ibaien aniztasuna mantentzeko. Gorbeian ondo zaindutako ibaien adibide ugari ditugu: Arratia, Arnauri, Baias, Arralde, Ugalde...

-Fauna: Gorbeian topatzen ditugun animalien artean Oreina da ezagunena, hala ere 167 ornodun espezie desberdin daude inguru hauetan. Horietariko batzuk hurrengoak dira: Igaraba, lepahoria, muxar grisa, amuarraina eta okil beltza.



Gorbeia mendiaren ikuspegia

-9:30

Ibilbide honetan mendigunearen erdigunea ezagutuko dugu eta nola ez, Gurutze ospetsuraino iritsiko gara. Horrela, 880 metroko altitude batean dagoen Pagomakurretik aterako gara. Bertara, Areatzatik ateratzen den pista on batetik irits gaitzeke. Arrabako zelaiak eta Gatzarrietako gailurra zeharkatu ondoren Egiriñaora iritsiko gara. Hor, Gurutzera iristeko igoera gogorrari ekingo diogu. Itzuleran Aldamin tontorretik jaitsiko gara. Ondoren, mendi erakargarri hau inguratuko dugu Dulauko Sakana eta Muinoa edota Aldamiñapeko korta garrantzitsua ezagutzen dugun bitartean

1- Areatzan asfaltatutako pista bat hartuko dugu. Hortik, 9 kilometrora Pagomakurrera iritsiko gara. Bertan, Pakearen Amaren ermitaz gain, aparkaleku zabala, mahaiak eta iturri oparo bat ere aurkituko dugu. Gorbeiako Parkeko seinale batzuk Arrabako Zelaietara iristen den pistaren hasiera markatzen dute. Lur orotako ibilgailuentzat (nahiz eta orain sarbidea mugatua izan) egokia den bide zabal eta trinkoa jarraituko dugu. Ingurunean hainbat aterpe partikular ikusiko ditugu. Bidearen hasieran aterpe horietako baten ondotik pasako gara. Horrela, gure eskuinaldean altxatzen den Lekandako harrizko muinaren azpitik, hegoalderantz, kilometro bat ibili ondoren eraiki berria den aterpe batetik pasako gara.

2- Ezkerretara utziko dugu San Justoren ermitatik Zanburu eta Zeanurira jaisten den saihesbidea. Edonola ere, arretarik jartzen ez badugu ez dugu saihesbidea ikusiko. Pista leuna igotzen da Lekandako Muinoaren ekialdeko hegaletik zeina terraza-haitz ikusgarriez apainduta agertzen zaigun. Ezkerraldean aldiz, Lanbreabeko Sakana hondoratzen da. Bertatik, Iondegortako urtegi txikia ikus daiteke. Paisaia irekitzen hasten da eta parean Gorbeagañe mendiaren irudi biribildua ikus dezakegu, eta haren ezkerretara, Aldamin. Horrela, Arrabakoateko mendi-lepora iritsi gara, Arrabako Zelai ederren sarbidera.

-10:15

3- Lekandako Muinaren piramide itxura duen hegoaldeko hegalaren azpian parkeko seinale-tantai bat dago. Tantaiaren bi geziek bertatik hasi eta urki artetik igarotzen diren bidexka ezberdinen norabideak zehazten dituzte.  Ezkerreko bidea hartuko dugu. 600 metro ibili ondoren bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinaldeko bidea hartuko dugu Bizkaiko Mendizale Federakuntzaren Aterpea dioen egurrezko panel zaharrari jarraiki. Hemendik 200 metrora Elorriako aterpea kokatzen da.



4- Aterpea kokatuta dagoen leku eder honetan atseden hartu dezakegu. Behin gure zangoak deskantsatu egin ditugula, aurretik aipatutako talaiarantz joko dugu. Horretarako, aterpetik izen bereko iturriraino joango gara (100 bat metro hego-mendebalderantz). Gorostetatik (mendebaldean) Gatzarrietaraino (erdialdean) Arraba mugatzen duen horma oso erraz gainditzen da. Bideak ez dauka zailtasunik, hortaz, iturritik hormara hurbildu eta hori gurutzatzea ahalbidetzen duen lehen bidea hartuko dugu. Horma gainditzerakoan Artalarra, Aldape edo Aldabe Muinoarekin topo egingo dugu parez pare.

5- Gatzarietako gailurretik (hemendik ere Aldapera iritsi gaitezke) izen bereko mendateak banantzen duen tontor honen kotan Basauriko Rugby Taldeak jarritako postontzi bat aurkituko dugu. Postontzian Aldape izena jarrita dagoen arren, mendi honi Artalarra esan ohi zaio. Arrabako ikuspegia paregabea da. Inguruak ere ederrak dira, beraz, esan daiteke, pena merezi duela muino hau bisitatzeak. Gatzarrietako Mendatera jaitsiko gara lapiaz deseroso batetik haren gailurrera igotzeko.



-11:30

6- Almenadun tontorrean bi postontzi zahar eta bi oroimen-plaka aurkituko ditugu. Kanal erraz batek lehen aipatutako bide zuzenera eramango gaitu. Bide horrek Aldapeko pasabidea gainditu du jada Gatzarrietako mendebaldetik. Horrela, Lanbreabeko Sakana ezkerretara eta Zastegikoa eskuinetara daukagularik, Parkeko seinale-tantai baten aurrera helduko gara. Seinale-tantaiak lau norabide adierazten dizkigu: Atzean Elorria (gure abiapuntua), eskuinetan Ipergorta, ezkerretan Aldamiñape (hemendik itzuliko gara) eta aurrean Gorbeiagane. Azken bide hori hartuko dugu. Pagadi txiki bat zeharkatu eta berehala Egiriñaora helduko gara.

7- Pagaditik irteterakoan 1927an Eleuterio Goikoetxeak egindako Egiriñaoko aterpea  ikusiko dugu. Gaur egun hiru mendi elkartek mantendu eta erabiltzen dute. Ezkerretara, haitz artean sartuta, Elurretako Gure Amaren ermita kokatzen da.
 Poliki-poliki gora egingo dugu larre artetik. 300 metro egin eta erreka zeharkatuko dugu, eskuinetara, Lekuotz Iturrira iristeko.

-12:30

8- Arranbaltza Muinopean dagoen iturburu hau leku estrategikoan kokatuta dago. Izan ere, hortik aurrera 345 metroko desnibela duen 1.140 metroko ibilbide gogor bati (aldapa % 30ekoa da) aurre egin beharko diogu Gurutzera iristeko. Horrela, Aldamineko Muinoen arteko ibarrak ezkerrean eta Arranbaltzakoak eskuinean ditugularik, hemendik gailurrera igo diren milaka mendizaleek egindako edozein bidexkari jarraituko diogu. Hemendik Aldamiñospe mendi-lepora helduko gara.
Mendi-lepo belartsu honek Aldamin (gure ezkerretara) eta Gorbeagane (eskuinetara) banantzen ditu. Bertan dagoen euri-neurgailu berezira iritsi baino 100 metro lehenago eskuinetara bira egingo dugu larrean urak marraztutako arrastoari jarriki. Hemendik helduko gara gailurrera, aldapa gogor bat igo ondoren.



-13:00

9- Azkenik, iritsi da Gorbeia igotzen duen orok hainbeste itxaroten duen unea. 18 metroko Gurutzearen azpian Begoñako Ama Birjinaren irudia dago eta haren ondoan mendi postontzi bat eta orientazio-mahai bat. Eguna garbia badago alde guztietatik agertzen zaizkigun mendiak identifikatzen saia gaitezke. Baina, baliteke azkar jaitsi behar izatea Araba eta Bizkaiko teilatu honetan maiz hotz eta haizetsu egiten baitu (baita abuztuan ere).

Mendi tontorreraino zuzenean iristea 2h gutxi gorabehera eramaten ditu. Guk, ordea, ingurua hobeto ezagutzearren bueltatxo txiki bat eman dugu ibilbidearen iraupena 1h 30min igo delarik.



-15:00

Behin goikaldean otarteko pare bat jango ditugunean, beherako bidea hasi egin beharko dugu. Horretarako igo dugun bide berdina hartuko dugu (kasu honetan inolako desbideraketarik egingo ez dugularik) eta Pagomakurrera itzuli egingo gara, bertako aparkalekuan kotxea hartuta etxera bueltatuz.

-17:30

Egun hau, beraz, gaueko 9-ak baino lehen bukatu egingo dugu. Hala ere, behin menditik jaisten garenean leher eginda egongo garela suposatuz, inguruko herriren bat bisitatzeko gogoak nahiko eskasak izango dira.