lunes, 5 de noviembre de 2012

TXORIERRI-A EZAGUTUZ

Txorierri edo Asua bailara Bizkaiko erdialdean dagoen eskualdea da. Bilboko itsasadarreko eskumaldean dago kokatuta eta sei udalerrik osatzen dute, Derio izanda populatuena eta mankomunitatearen egoitza bere barnean duena. Eskualde honetan daude Bilboaldea eta Euskal Herri osoko azpiegitura garrantzitsuenen artean dauden Bilbo-Loiu aireportua etaZamudioko parke teknologikoa, besteak beste.

Hauek dira Txorierri-ko eskualdea osatuko duten udalerriak:

1- Derio (5.450 biztanlde)
2- Sondika (4.530 biztanle)
3- Zamudio (3.250 biztanle)
4- Lezama (2.515 biztanle)
5- Loiu (2.490 biztanle)
6- Larrabetzu (1.930 biztanle)

Gure ibilbidea Bilbotik urrunago aurkitzen den Larrabetzutik hasi egingo dugu, pixkanaka-pixkanaka, hiriburura gerturatzen garen einean, herrialde guztiak ezagutuko ditugularik.




                              


-9:00

Larrabetzu Itsasadarreko Bidean sartuta dago, Compostela-ko erromesaldi bide zaharrenetariko bat da, Irunen hasten dela eta Kantabria itsasoaren paraleloa doala.

Xacobeo Bidean egotea eragin zuen Larrabetzuren sorrera. Bizkaian dauden hogei hiribildutako bat da. Bere aitzineko hiriko egitura oraindik bereizten da; etxebizitza-eraikinak kale nagusiaren, zeharkatzen zuena, alboetara eraikin ziren. Itsasadarreko Bide izeneko erromes bidea Xacobeo-ko debozio lehenengo urteetatik erabili zen (IX eta X mendeak). Lehenengo aroan Bide Beheko bide alternatibo bat zen, Nafarroa lurretan erromesak musulmanen mehatxuak zirela. XIII mendean eta beheko bidearen indarraren kontra egin zuen aurre eta jarraitu zuen Irunetik zeharkatzen zuten erromesak jasotzen, Kantabria portuan lehorreratzen zutenak baita.
Herrian Anguleria jauregia eta San Emeterio eta San Celedonio elizaz aparte ez dago ondare kultural handiegirik. Hala ere, herriak duen Erdi Aroko itxura horrek erabat erakargarria egiten du, gure ibilbidean geldialdi bat egitera behartuko gaituena.

-Anguleria jauregia: Goikoelexeako errepide bazterrean dagoen eraikin dotorea da, exentua, bolumen kubikoduna, lau isurialdetako teilatuduna eta bi solairu eta ganbaraduna.
Etxearen barruko egitura zurezkoa da eta kanpoko aldean silarria, adreilua eta harginlana ageri dira. Fatxada nagusiak argi-patio bat dauka, toskana bidez dinteldutako lehen solairuko galeriara sartzeko. Horren gainean eraikinaren goiko zatiak hegalkina dauka, adreiluzkoa balitz bezala margotua, irudi lirainezko zenefa bat duela. Gai nagusia kuatrilobulo baten barruan dagoen erromatar gurutzea da. Horren gainean 1777 data ageri da idatzita.



                                        

- San Emeterio eta San Celedonio eliza: Eliz ia osoa XVII.mende aurretik eraiki egin zen. Mende horrez geroztik gaur egun ikus daitekeen nabea osatu egin zen, baita alboan kokatzen den dorre-kanpalekua eraiki ere. Oin laukizuzeneko nabe bakarrekoa da eliza, hauxe 3 zati desberdinetan banatzen delarik.
XVIII.mendean sakristia egin zen, zein multzo osoaren buruan kokatu egin zen.
Elizak 2 sarrera ditu, albo batetan kokatzen dena XV.mendekoa delarik.



                                         


                                        

-10:30

Behin Larrabetzu herria ezagutu egin dugularik, bertatik kotxez minutu pare batetara kokatzen den Lezama herrira abiatuko gara.
Herrian Erdi Aroko sustraiak antzeman daitezke modu argi batean, herriaren egitura nahikoa gutxi aldatu dela esan dezakegula.
Lezama herria azken urteetan estatu mailan nahiko ezaguna egin da, bertan Athletic Klub futbol taldeak bere entrenamenduak burutzeko instalazioak kokatzen direlako.

Futbolean jokatzeko prestatutako gune gau 1971.urtean sortu egin ziren, 3 futbol zelai eta aldagelak eta erresidentzia barneratzen zituen eraikin batez osatuta zegoelarik. Hala ere, geroago zenbait anpliazio jasan ditu, beste 4 zelai baita polikiroldegi bat eraikiz.

Futbol zalea izanez gero, bertan geldiunetxo bat egitea derrigorrezkoa izango da, Athletik-eko jokalariak gertutik ikusteko aukera paregabea delako.


                                                 


Hortaz aparte, nahiz eta Athletic Klub-eko instalazio hauek herrira gerturatuko diren gehienen kontzentrazio punturik nagusiena izan, Lezama-n ondare kulturalak ere bere garrantzia izango du.


1- Andra Mari eliza: XVI. mendean eraikitako mami gotikotik aurrera, ondoz ondo egin diren aldaketa eta handitzeen emaitza da. Haren barnean gangak, bost aldare eta atari jarraitu eder bat daude, handipena egin arte hilobi gisa erabili zena. Eraikina zehazten duten ezaugarriak gotikoa eta barrokoa dira. Arkupearen barruan dago Elizpearen Mahaia, antzina Lezamako udal erkidegoa biltzeko erabiltzen zela gogoratuz. Elizaren barrualdea hiru nabetan banatuta dago eta nabarmentzekoa da oinarrian arku karpanelaren gainean dagoen goragoko korua. Kapera nagusiak haren irudia osatzen du guztiz, erretaula barrokoa agertuz. Urrezko erretaula horrek hiru kale eta teilatupe bat ditu, eta bere zutabe konposatuek girlanden dekorazio berezia daukate beren fusteetan. Kale nagusian Ama Birjinaren zeruratzearen irudia nabarmentzen da, horma-hobi baten barnean dagoena. Bi aingeru guardako horma-hobiaren goiko aldean agertzen dira, erlaizteria apurtu baten gainean jarrita, eta gure begirada Ama Birjinaren irudirantz joaten laguntzen dute. Alboko kaleek San Pedro eta San Pauloren irudiak barne hartzen dituzte. Eliza horretan elizateko bi fiel errejidoreen eserlekuak daudela adierazi nahi dugu, batez ere garai bateko lekuko izan zirelako, eta ez berez balio artistikorik daukatelako. Zur polikromatuz eginda daude, eta XVIII. mendekoazken urteetakoak omen dira. Sakristiak bi pieza interesgarri biltzen ditu. Bata San Bartolomeren irudia da: San Antolin baselizatik ekarri ondoren, bertan kokatu zen. Bestea eserlekuaren itxura daukan kutxatzarra da, bizkarralde zabala daukana.



                                           


2- Lezama-ko dorretxea: Lezamako dorretxea Aretxalde auzoan dagoen XVI. mendeko eraikina da. Hareazko harlanduzko lanez egina, bolumen prismatiko sinple, trinko eta liraina du. Sarrerako mandioa du, gaur egun dorrearen alboan eraikitako baserriaren barne. Bolumena murarioa, soila eta ia baorik gabekoa da. Fatxadak hormatal leunak eta apaindurarik gabekoak dira. Haren hermetismoak eta sendotasunak gotorlekuitxura ematen diote, ia ez baitu ezaugarri militarreko beste elementurik. Oin karratua du, alde bakoitzeko hamar metro inguru; 16 metro inguruko altuera, eta teila zeramiko makurreko lau isuriko estalkia. Beheko oina, hiru altuera eta teilatupeko oina ditu.



                                               


3- Goitizuri baserria: XVI. mendeko harlanduzko horma-atal zabala du. Gainera, 1588. urteko besoa nabarmendu behar da. Bertan inskripzio bitxi eta ikusgarri batek etxea Juan de Araucok egin zuela jakinarazten digu. Iñigo Goiti jabeak berreraiki zuen XVIII. mendean, eta gaur egun itxura modernoa du.


4- Olazarra baserria: Bizkaiko herri-arkitekturan kasu bakarra da. Izan ere, barroko klasizista nagusitzen da bere estalduretan. XVII. mendeko baserri horrek hiru solairu ditu: behekoa harlanduz apainduta dago; goikoetan, berriz, zarpiatutako adreiluak daude. Adreilu horiek hormaren gainazala berdintzeko ematen den morterozko lehenengo geruza osatzen dute. Olazarrak garai hartako herri-arkitektura eta arkitektura landuaren artean zegoen lotura agerian uzten du.


5- Isukitza baserria: Eugenio Lezama Leguizamónek 1848an berreraiki zuen. Atalpean bi arku beheratu ikusi ahal dira eta goian XVII. mendeko armarria dago.



                                      

                                                              Goitizuri baserria 


                                       

                                                                Olazarra baserria 


-12:00

Lezama atzean utziko dugularik, Zamudio herrira abiatuko gara.
Zamudio, aurretik ikusitako herriak bezala, Erdi Aroko egitura bat mantendu egiten du. Hala ere, azkenengo hamarkadetan, enpresa eta industria askoren kokalekua bihurtu egin da, Zamudio-ko Parke teknologikoan guztiak batu egiten direlarik. Beraz, zahar eta modernoaren arteko konbinaketa bat sortu egiten da.

Gutxi gora-behera, Txorierriko bailararen erdian dago. Erdi Aroan bidegurutzea zen bertatik, batetik Bilbotik (ez da ahaztu behar hiriburuko sarbiderik nagusiena Zamudio ataria zela) Mungia igaroz Bermeoraino joaten zelarik eta bestetik Plentziatik eta Bilboko itsasadarraren eskumaldetik, Larrabetzu igaroz, jaurerriaren barrualdera. Komunikaziorako hain garrantzitsua zen bidegurutze hau, San Martin eta alboan dagoen torrearen jabeen botereaz biribiltzen zen. Guzti honek leku honi aparteko nagusitasuna ematen zion, bertan ekonomia boterea, pertsona zein merkadurien garraioa kontrolatuz, izpirituaren boterea eta militarren boterea batzen baitziren.


Gauzak horrela badira ere, herriaren hiriburua modernitatea nahiko baztertuta dagoela esan daiteke, garai bateko eraikin ugari oraindik ere mantendu direlarik.


1- Malpika dorretxea: Hesirik gabeko lau angeluko oina eta kubikoaren itxura duen eraikina. Beheko solairuan tamaina ez erregularreko silarrixkaz aparejatua dena eta goi aldera silarrizkoa. Babeserako izaera duen eraikina, itxura sendoa duena eta bao baino horma gehiagoz itxia. Zamudioko San Martin Elizaren alboan dago kokaturik. Hormen lodiera da bere alderdi nabarienetako bat, 2'7 metrotaraino heltzen dela. XVI. mendearen hasierako eraikin bat da Malpika Dorrea, gotikoaren amaiera aldeko elementuak dituena eta errenazimendukoak ere bai. Patioska baten barrena sartzen da dorrearen barrura. Fatxada nagusia ekialdera begira dago, tapiatua izan zen sarrera bat zeukan eta oraingoa jarri zen. Lehenengo solairuan dago hori eta bere giltzarrian Zamudioko armarria daraman dobelatutako puntu erdiko arkuan dagoen bao bat da. Dorrearen bigarren oina XIX. mendean berreraiki zen eta, bere altuera nabarmenaz baliatuz, tarteko solairu bat eraiki zen. Azkenengo oina ondoen argitua da eta arku konopial bat nabarmentzen da fatxadan. Hormen gailurrean, mailakatutako errepisa zirkularretan apeatutako harburu eta garitoinezko friso bat ikusten da. Teilatua, lau isurkikoa da.


                                             
                                                         

2- San Martin eliza: Tenplu zahar hau euskal gotiko estilokoa da eta Gabiria eta Zamudio leinukoek altxarazi zuten Goi Erdi Aroan (930. urtean). Leinuok Zamudio torreko jaunak ziren. Harrezkero hainbat alditan egin zitzaizkion aldaketak. XVII. mendearen bigarren erdian berreraiki egin zen, estilo errenazentistari estu-estu loturik.


                                        

3- Larragoiti jauregia: XVII.mendean eraiki zelarik Zamudio herriko enblema izan da betidanik. Honek 2000.urtean erreforma sakon bat jasan behar izan zuen bere egoera benetan kaskarragatik.

Gaur egun, berrikuntzaz geroztik enpresa berrien zentruan bilakatu egin da.


                                             


Aipatzeko da, ondare kultural eta parke teknologikoaz aparte, Zamudio herria oso ezaguna dela bertan ospitale psikiatriko bat kokatzen delako.


-13:30
Behin Zamudio-ko bazter nagusienetatik bueltatxo bat eman dugularik bazkaltzeko ordua iritsiko zaigu. Horretarako Zamudio-n badago nahikoa eskaintza hona, nahiz eta jatetxe gehienak parke teknologikoan bertan kokatuta egon, bertako langileentzat bideratuta daudelarik. Nik hurrengoak gomendatuko dizkizuet:


1- Amairu Aretxeta erretegia, San Antolin kalea Nº11
2- Errekaondo jatetxea, Arteaga kalea Nº80
3- Urbasa jatetxea, Txorierriko etorbidea Nº4


-16:00
Sabela bete-bete daukagularik eta kafetxo bat hartuta, Derio herrira gerturatuko gara. Historian zehar aldaketa ugari izan ditu, garai askotan bai Bilbo bai Mungia-rekin lotuta egon zelarik.
Zamudio herria moduan, honek ere Erdi Aroko egitura eta industrializazio garaiko modernitatea bateratze egiten ditu.
Zer bisitatu beharko dugu Derio herrian?


1- San Kristobal eliza: X.mendean eraikia izan zen eta 1.745.urtean berreraiki eta handitu zuten. Ertzetan harlandu handiak dituen harlangaitzezko eraikina da. Elizak ateburua, dorre angeluzuzenekoa eta habeetan finkaturiko elizatea ditu. Barruan, Ama Birjina eta Semearen irudi gotikoa dago.


2- San Isidro eliza: 1958an eraikitako eliza honek basilika-oinplanoa eta dorre alboratua ditu. Aurrekaldean hiru arku ditu, sarrerakoa erdi puntukoa delarik.


3- San Esteban baseliza: Eraikin kubikoa da. Lau isuriko teilatua eta harlangaitzezko hormak ditu. Sarreran erdi puntuko arkua eta alboko kontrahormak daude.


                                    

                                                            San Esteban eliza 

                                    

                                                               San Isidro eliza 

4- Derio-ko seminarioa: Eraikina 1930ean hasi ziren eraikitzen, ospitale psikiatrikoa izateko asmoz. Eraikin lanek hainbat atzerapen izan zuten, eta inoiz ez zen ospitale bihurtu. Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, Eusko Gudarostearen biltoki eta gordelekua izan zen. 1937ko maiatzean bonbardatu zuten baina kalte eskasak izan zituen.

Gerra Zibilaren ondoren bertan behera gelditu zen ospitale proiektua. Eraikina izan behar zuen lau eraikinetik bi baino ez ziren eraiki.

Gauzak horrela, 1955etik aurrera eraikina apaiztegi gisa erabiltzen hasi zen. Dena den, seminarioaren bizitza laburra izan zen. Bere jaiotzatik Bilboko elizbarrutian izandako arazo anitzez gain, apaizgaien kopurua gutxituz joan zen. Horrela, 1975ean Seminario Handia itxi zen eta beranduago ikastetxe bezala erabiltzen zen Seminario Txikia ere. Une honetatik aurrera erakunde kultural ezberdinek izango dute bertan bere egoitza.

1990ean, lur batzuen arteko trukearen bitartez, Seminarioaren jabetza Bilboko Elizbarrutiaren eskuetan geratu zen. 1995ean Arteaga Centrum sortu zen eta bere berrikuntza osoa hasi zen eraikina enpresa ezberdinei alokatuz. Komunikazioei dagokienez, leku apartan dagoen eraikin hau ia erabat berriztatua dago gaur egun eta enpresa ezberdinak, kirol guneak, hotelak eta jatetxeak hartzen ditu bere baitan.

                                     

5- Derio-ko hilerria: XIX. mendearen erdialdean Bilboko udala hasi zen bere Mallonako hilerriarentzat lur berriak bilatzen. Loiu, Abando eta Burtzeñan jartzeko aukerak baztertuta, Derio eta Zamudioko lurretan zegoen Vista Alegre gunea aukeratu zuen hilerria jartzeko. Bilbo-Lezama trenbidea egin behar zuen konpainiak 100.000 metro koadroko lurzatia eskaini zion Bilboko udalari.

1895ean Bilboko udal arkitektoak hasi ziren hilerria izango zena egiten. Kanposantua 1902 urtean inauguratu zuten.

Gerra Zibila garaian hilerrian hainbat pertsona fusilatu zituzten. Hildako gehienak Errepublikaren alde jardundakoak dira gehien bat. Euren izenak ikus daitezke hilerrian bertan gaur egun ere.

Estilo eklektikoa du hilerriak, ukitu neoklasiko eta neogotiko ugarirekin. Miniaturan egindako hiri baten antza du: bideek kuadrikula bat eratzen dute, erdian Begonako Andra Mariren plaza dauka eta modu hierarkikoan dago eratua, hildakoen klase sozialaren arabera.

Bilboko burgesiako kideek Derion lurperatzen zituzten hildakoak eta panteoi ederrak eraiki zituzten garaiko arkitektorik handienak. Izan ere, panteoia etxearen luzapena zen.


                                 

-18:00

Gure bisitako hurrengo geltokia Loiu izango da.

Herri gunea Udaletxea, frontoia, San Pedro eliza eta kultura etxea daudeneko plazaren inguruan eratzen da, bertan kokatzen direlarik artearekin loturiko elementuko guztiak.

1- San Pedro eliza: Erdi Aroko, XII. mendeko, eraikuntza batean oinarritzen da. Loiuko eta Asuako leinu-etxeak izan ziren eliza horren patroiak. Gaur egun oraindik ere mantentzen dira elementu gotiko batzuk, hala nola ojiba-arkudun bi ateak, isabeldar ereduan. Horietako bat, elizpean dagoena, arte-kalitatea handikoa da. 1634.ean berreraiki zuten, Santa Anako Kondea patroi zuela (XVIII mendea). Gangadun habeartea dauka, erretaula barroko doratuak dituzten hiru aldare, atiko jarraitua eta aurrealdeko dorrea. Sermoitegiko eta bataiotegiko burdin sareak nabarmendu egin behar dira, landu-landuak dira eta. Sakristian Arrosarioko Ama Birjinaren irudi bat gordetzen da. 2007ko abenduan, San Pedro elizak haritzezko organo bat estreinatu zuen. Sei metroko zabalera dauka, zortzi metro luzera eta bi metro sakonera, 1200 tubo eta 21erregistro ditu. Apartekoa da, besteak beste mende honetan Bizkaian egin den lehena delako. Organoaren koloreek elizako aldare nagusiaren koloreei jarraitzen diete: urdina (zerua adieraziz), berdea (lurra eta landak adieraziz), eta gorria (organoaren haize indartsua adierazten du). Proiektu hau Alemaniako Orgelbau Klasi Bonnek burutu zuen eta Eva Arrizabalagak margotu zuen.

Organoa egin ostean eta espazioarekin armonian egoteaz gain kalitate handikoa den musika ere egiten delarik, elizkizunetan ez eze hedapen handiagorako ekitaldietan ere erabiltzea erabaki zen: organo-emanaldiak, abesbatzen ekitaldiak, …

             
                                     

2- San Miguel baseliza: Inguruetan latinez idatzitako inskripzioa aurkitu zen, 1860an desagertu egin zena. Bertan zioen baseliza begoñatarrek eraiki zutela, baina orain dakigunarengatik Bekuako biztanleez ari zen. Baseliza hau Uribe merindadeko eliz gizonen biltoki gunea zen.




3- Larraburu jauregia: 
Eraikin aglomeratua, beheko solairuaren erdian ataripeko sarbide adobelatua dauka, eta haren gainean balkoia dago. Ondo proportzionatuta ez dagoen teilatu hegal batek luzatzen da hormen goiko perimetrotik, eta XVIII. mendekoa dela jakiteko ere balio du.



4- Abade etxeak: Bi eraikin berdin dira, apaindurarik gabeak eta fatxadetan zurrun antolatuta daudenak. 1801ean egin ziren, Juan de Zabala eta Juan Antonio Acharen planei jarraituz, arkitektura akademikoa duintasunez interpretatuz.




5- Bengoetxea baserria: XVI. mendearen bigarren laurdenean eraiki zen, eta duela gutxi jatetxe bihurtzeko zaharberritu dute. Egurrezko eskeletoa daukan etxea da, eta fatxadan oholak mihiztatuz egindako itxidurak dauzka; ataripe nagusia posteen artean dauka eta lehenengo solairuko areto nagusian arku jaitsiko sei leiho moztuko galeria. Eskualdean bizirik dirauen halako tipologiako azkeneko elementua da.



Loiu herriarekin bukatzeko, soilik esatea Bilbo-ko aireportua bertan kokatu egiten dela, 1997.urtean Sondikatik bertara mugitu egin zelarik. Hauxe urrunetik ikusi ahal izango dugu, "Usoa" izena hartzen duelarik.

-19:30

Gure egunari bukaera emanez, Sondika herria bisitatuko dugu, Txorierri-ko azken herria delarik.
Herriko lehenengo aipamenak XII. mendekoak dira, eta antzina Uribeko merindadearen herriburua izan zen. XV. mendean


Arkitektura erlijiosoa:

1- San Joan Bataiatzailearen eliza: Eliza hau Sondikako aireportua egitean suntsitu zuten. Iturrizaren arabera XII. mendekoak diren bi kapitel erromaniko eta elizako ate nagusia baino ez daude gaur egun, eta Bilboko Arkeologia Museoari eman dizkiote dohaintzan.



2- Gurutze Santuaren baseliza: Goiri auzoa. Oinplano angeluzuzena dauka. Hormak ageriko harlangaitzezkoak dira, eta harlanduzko izkinak dituzte. Teilatua hiru isurialdekoa da; eta absidea, laukoa. Kanpai-hormak bao bat dauka, eta burdinazko gurutzea dago kanpaiaren goiko aldean. Baselizako atea dintelduna da, eta ekialdera begira dago. Ateburuan, gainera, gurutzea eta kokagune berriko eraikuntza datatzen duen 1935. urtea agertzen dira. Arkupea oinaldean eta alboetako zati batean garatzen da. 1984. urtean zaharberritu zuten.



3- San Martin baseliza: Izarza auzoa. Zelai baten erdi-erdian dago kokatuta. Oinplano angeluzuzena dauka. Fatxada nagusia harlanduzkoa da; eta gainerakoa, ageriko harlangaitzezkoa. Teilatua hiru isurialdekoa da, eta zertxaren gainean eginda dago. Atea egur torneatuz egindako sarean dago txertatuta. Arkupea baselizaren oinaldean dago. Baselizari buruzko lehen aipamena 1690. urtekoa da.





-Arkitektura zibila:

Torretxu baserria. Sangronizen dago kokatuta, eta, seguruenik, abizen horretako leinuaren dorrea da. Bi isurialdeko eraikina da, eta harlanduzko hormak ditu. Gaur egun, jatorrizko bao batzuk daude ikusgai, eta handiena zorrotza da. Gaur egun, nahikoa hondatuta dago, eta ez da lehen bezain garaia. Nolanahi ere, oraindik ageri-agerikoa da hormetako aparailu gotikoa kalitatekoa zela eta arku zorrotz horretako dobelak oso ondo landuta daudela. Beharbada, patindun sarbidea eduki zuen beste garai batean. Bere perimetroan, gainera, zenbait gezileiho daude ikusgai.

Arkitektura funtzionalaren barruan, Izarza auzuneko modulu bakuneko eskolak nabarmendu behar dira, baita gaur egun Eusko Jaurlaritzako zenbait zerbitzuren egoitza den antzinako udaletxea ere. Jauregi neobarrokoa da, lau isurialdeko eraikin kubikoa den Batzokia bezala.

                                       

Baserri eta herri-eraikinei dagokienez, nahiz eta askotan eraldatu dituzten, oraindik ere armazoizko antzinako egiturak antzematen dira zenbaitetan: Kaminoa, Izarzan; Aresti Erdikoa, Aresti bidean; Boskotxe, Beiken; Etxepinto, Asuan; eta Enekone zein Gaskoetxe, Sangronizen. Baserri horiek XVI. mendeko bigarren zatian eta hurrengoaren hasieran eraiki zituzten.

Geroxeago, XVIII. mendearen amaieran, Larrondo Goikoa eta Ugaldeko baserriak eraiki zituzten. Egitura eramailea harrizkoa da, eta egurraren erabilera subsidiarioa da fatxadako bilbaduran eta ensolibatuan. Ataripean, mentsula molduratuak daude, eta, euren gainean, ateburu moduan erabilitako karrera-habea dago jarrita.

Hurrengo mendean, Beikeko Palacios baserria eta Olako Jauregia dira Sondikako landa-arkitekturako eraikin nabarienak. Baserria, hain zuzen ere, harlangaitzezko eraikin kubikoa da, eta bi solairu zein teilatupea dauzka. Fatxada nagusian, alboko ezproiak daude, fatxaden arteko balkoia jarraitua da eta baoak dinteldunak dira. Jauregia, ostera, lau isurialdeko teilatudun eraikin kubiko handia da. Fatxada oso aldatuta dagoen arren, alboko ezproietan oinarritutako balkoi jarraituaren araberako banaketa bere horretan dago.

XIX. mendean, aldaketak egon ziren, nekazarien etxeetako ataripea desagertu egin zelako eta, haren ordez, barruko ezkaratza jarri zutelako. Horixe bera gertatzen da Berreteaga baserrian. Harlangaitzezko eraikinak bi solairu eta bi isurialdeko teilatua dauzka. Baoak dinteldunak dira, eta konposizio neoklasikoaren jarraibideen araberako koadrikula osatzen dute. Era berean, Beresa Torre eta Usena Bekoa baserriak ere badira eredu berri horren adibideak.

Sondikako ondare nabarienari buruzko atalari amaiera emateko, Artxandako haize-errota nabarmendu behar dugu. 1725ean, Manuel de Bildosola jabe nagusiak eta jabetzaren herena zeukan Juan de Herrerok eraiki zuten erdibana. Horrelako erroten artean, aitzindaria izan zen Bizkaian.

-21:00

Ibilbidea bukatutzat emango dugu.

Espero dut Bizkaiko Barnealdeko zatitxo hau gustokoa izatea eta bertara hurbiltzeko gogoak sortaraztea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario