miércoles, 31 de octubre de 2012

GORBEIA MENDIA EZAGUTUZ

Gorbeia edo Gorbeiagane Araba eta Bizkaiko lurraldeen arteko mugan dagoen mendia da, herrialde bietako eta Gorbeia izeneko mendiguneko tontorrik garaiena da. Zeanuri, Orozko, Ubidea , Zuia eta Zigoitia udalerrien artean banatzen da.
Bere gailurra 1.482 metrotan dago. Goian, 18 metroko gurutze ezaguna dauka. 1901an jatorrizkoa eraikia izan zen, 33,33 metro zituelarik, baina ekaitz batzuen ondoren erori zen. 1903an 22 metroko gurutze berria eraiki eta hilabete gutxi batzuk geroago haize eta elur bortitzek lurrera botatzen dute. Gaur egun dagoena 18 metro inguru ditu eta mende bat baino gehiago darama gailur honetan.

Gorbeiako Parke Naturala 1994.urtean izendatu zen, 20.016 hektareako azalera betetzen duelarik eta bi euskal probintzien artean hedatuta.
Parkearen ezaugarri nagusiak:

-Klima: Prezipitazioak ugariagoak dira Bizkaiko aldean Arabakoan baino. Klima atlantikoaren eta kontinetalaren arteko muga dugu Gorbeiako tontorra.

-Geologia: Bizkaian Aldamin edo Lekanda bezalako kareharrizko tontor zorrotzak dira nagusi; Araban, aldiz, tontor borobilduak ikus ditzakegu silizeo harrien gainean (Berretin edo Oketa, esate baterako)

-Basoak: Pagoak dira Gorbeian azalera gehien betetzen duten zuhaitzak, 6000ha alegia. Haritzak (Quercus robur eta Quercus Petraea) eratutako basoak urteetan zehar moztu egin ziren baso-landaketak (gehien bat Bizkaian) eta nekazal lursailak (Araban) ezarriz. Ibai-ertzeetako basoak hedadura gutxikoak izan arren, garrantzia handikoak dira ibaien aniztasuna mantentzeko. Gorbeian ondo zaindutako ibaien adibide ugari ditugu: Arratia, Arnauri, Baias, Arralde, Ugalde...

-Fauna: Gorbeian topatzen ditugun animalien artean Oreina da ezagunena, hala ere 167 ornodun espezie desberdin daude inguru hauetan. Horietariko batzuk hurrengoak dira: Igaraba, lepahoria, muxar grisa, amuarraina eta okil beltza.



Gorbeia mendiaren ikuspegia

-9:30

Ibilbide honetan mendigunearen erdigunea ezagutuko dugu eta nola ez, Gurutze ospetsuraino iritsiko gara. Horrela, 880 metroko altitude batean dagoen Pagomakurretik aterako gara. Bertara, Areatzatik ateratzen den pista on batetik irits gaitzeke. Arrabako zelaiak eta Gatzarrietako gailurra zeharkatu ondoren Egiriñaora iritsiko gara. Hor, Gurutzera iristeko igoera gogorrari ekingo diogu. Itzuleran Aldamin tontorretik jaitsiko gara. Ondoren, mendi erakargarri hau inguratuko dugu Dulauko Sakana eta Muinoa edota Aldamiñapeko korta garrantzitsua ezagutzen dugun bitartean

1- Areatzan asfaltatutako pista bat hartuko dugu. Hortik, 9 kilometrora Pagomakurrera iritsiko gara. Bertan, Pakearen Amaren ermitaz gain, aparkaleku zabala, mahaiak eta iturri oparo bat ere aurkituko dugu. Gorbeiako Parkeko seinale batzuk Arrabako Zelaietara iristen den pistaren hasiera markatzen dute. Lur orotako ibilgailuentzat (nahiz eta orain sarbidea mugatua izan) egokia den bide zabal eta trinkoa jarraituko dugu. Ingurunean hainbat aterpe partikular ikusiko ditugu. Bidearen hasieran aterpe horietako baten ondotik pasako gara. Horrela, gure eskuinaldean altxatzen den Lekandako harrizko muinaren azpitik, hegoalderantz, kilometro bat ibili ondoren eraiki berria den aterpe batetik pasako gara.

2- Ezkerretara utziko dugu San Justoren ermitatik Zanburu eta Zeanurira jaisten den saihesbidea. Edonola ere, arretarik jartzen ez badugu ez dugu saihesbidea ikusiko. Pista leuna igotzen da Lekandako Muinoaren ekialdeko hegaletik zeina terraza-haitz ikusgarriez apainduta agertzen zaigun. Ezkerraldean aldiz, Lanbreabeko Sakana hondoratzen da. Bertatik, Iondegortako urtegi txikia ikus daiteke. Paisaia irekitzen hasten da eta parean Gorbeagañe mendiaren irudi biribildua ikus dezakegu, eta haren ezkerretara, Aldamin. Horrela, Arrabakoateko mendi-lepora iritsi gara, Arrabako Zelai ederren sarbidera.

-10:15

3- Lekandako Muinaren piramide itxura duen hegoaldeko hegalaren azpian parkeko seinale-tantai bat dago. Tantaiaren bi geziek bertatik hasi eta urki artetik igarotzen diren bidexka ezberdinen norabideak zehazten dituzte.  Ezkerreko bidea hartuko dugu. 600 metro ibili ondoren bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinaldeko bidea hartuko dugu Bizkaiko Mendizale Federakuntzaren Aterpea dioen egurrezko panel zaharrari jarraiki. Hemendik 200 metrora Elorriako aterpea kokatzen da.



4- Aterpea kokatuta dagoen leku eder honetan atseden hartu dezakegu. Behin gure zangoak deskantsatu egin ditugula, aurretik aipatutako talaiarantz joko dugu. Horretarako, aterpetik izen bereko iturriraino joango gara (100 bat metro hego-mendebalderantz). Gorostetatik (mendebaldean) Gatzarrietaraino (erdialdean) Arraba mugatzen duen horma oso erraz gainditzen da. Bideak ez dauka zailtasunik, hortaz, iturritik hormara hurbildu eta hori gurutzatzea ahalbidetzen duen lehen bidea hartuko dugu. Horma gainditzerakoan Artalarra, Aldape edo Aldabe Muinoarekin topo egingo dugu parez pare.

5- Gatzarietako gailurretik (hemendik ere Aldapera iritsi gaitezke) izen bereko mendateak banantzen duen tontor honen kotan Basauriko Rugby Taldeak jarritako postontzi bat aurkituko dugu. Postontzian Aldape izena jarrita dagoen arren, mendi honi Artalarra esan ohi zaio. Arrabako ikuspegia paregabea da. Inguruak ere ederrak dira, beraz, esan daiteke, pena merezi duela muino hau bisitatzeak. Gatzarrietako Mendatera jaitsiko gara lapiaz deseroso batetik haren gailurrera igotzeko.



-11:30

6- Almenadun tontorrean bi postontzi zahar eta bi oroimen-plaka aurkituko ditugu. Kanal erraz batek lehen aipatutako bide zuzenera eramango gaitu. Bide horrek Aldapeko pasabidea gainditu du jada Gatzarrietako mendebaldetik. Horrela, Lanbreabeko Sakana ezkerretara eta Zastegikoa eskuinetara daukagularik, Parkeko seinale-tantai baten aurrera helduko gara. Seinale-tantaiak lau norabide adierazten dizkigu: Atzean Elorria (gure abiapuntua), eskuinetan Ipergorta, ezkerretan Aldamiñape (hemendik itzuliko gara) eta aurrean Gorbeiagane. Azken bide hori hartuko dugu. Pagadi txiki bat zeharkatu eta berehala Egiriñaora helduko gara.

7- Pagaditik irteterakoan 1927an Eleuterio Goikoetxeak egindako Egiriñaoko aterpea  ikusiko dugu. Gaur egun hiru mendi elkartek mantendu eta erabiltzen dute. Ezkerretara, haitz artean sartuta, Elurretako Gure Amaren ermita kokatzen da.
 Poliki-poliki gora egingo dugu larre artetik. 300 metro egin eta erreka zeharkatuko dugu, eskuinetara, Lekuotz Iturrira iristeko.

-12:30

8- Arranbaltza Muinopean dagoen iturburu hau leku estrategikoan kokatuta dago. Izan ere, hortik aurrera 345 metroko desnibela duen 1.140 metroko ibilbide gogor bati (aldapa % 30ekoa da) aurre egin beharko diogu Gurutzera iristeko. Horrela, Aldamineko Muinoen arteko ibarrak ezkerrean eta Arranbaltzakoak eskuinean ditugularik, hemendik gailurrera igo diren milaka mendizaleek egindako edozein bidexkari jarraituko diogu. Hemendik Aldamiñospe mendi-lepora helduko gara.
Mendi-lepo belartsu honek Aldamin (gure ezkerretara) eta Gorbeagane (eskuinetara) banantzen ditu. Bertan dagoen euri-neurgailu berezira iritsi baino 100 metro lehenago eskuinetara bira egingo dugu larrean urak marraztutako arrastoari jarriki. Hemendik helduko gara gailurrera, aldapa gogor bat igo ondoren.



-13:00

9- Azkenik, iritsi da Gorbeia igotzen duen orok hainbeste itxaroten duen unea. 18 metroko Gurutzearen azpian Begoñako Ama Birjinaren irudia dago eta haren ondoan mendi postontzi bat eta orientazio-mahai bat. Eguna garbia badago alde guztietatik agertzen zaizkigun mendiak identifikatzen saia gaitezke. Baina, baliteke azkar jaitsi behar izatea Araba eta Bizkaiko teilatu honetan maiz hotz eta haizetsu egiten baitu (baita abuztuan ere).

Mendi tontorreraino zuzenean iristea 2h gutxi gorabehera eramaten ditu. Guk, ordea, ingurua hobeto ezagutzearren bueltatxo txiki bat eman dugu ibilbidearen iraupena 1h 30min igo delarik.



-15:00

Behin goikaldean otarteko pare bat jango ditugunean, beherako bidea hasi egin beharko dugu. Horretarako igo dugun bide berdina hartuko dugu (kasu honetan inolako desbideraketarik egingo ez dugularik) eta Pagomakurrera itzuli egingo gara, bertako aparkalekuan kotxea hartuta etxera bueltatuz.

-17:30

Egun hau, beraz, gaueko 9-ak baino lehen bukatu egingo dugu. Hala ere, behin menditik jaisten garenean leher eginda egongo garela suposatuz, inguruko herriren bat bisitatzeko gogoak nahiko eskasak izango dira.


No hay comentarios:

Publicar un comentario